Azkoitiak 700 urte beteko ditu 2024. urtean, eta hausnarketarako une egokia izan daitekeela pentsatuta, Herrilab +700 hausnarketa herritarra abian du Azkoitiko Udalak. Herritarren iritziak bildu nahi ditu udalak, eta "askotariko begiradez osatutako diagnostikoa" osatzeko. Hori horrela, etxe guztietara banatuko duten inprimakia bete eta Elkargunean, udaletxean eta liburutegian jarri dituzten buzoietako batean utzi daiteke. Era berean, Azkoitiko Udalaren webgunean esteka bat ezarri dute herritarren iritziak jasotzeko.
Gaur, bihar eta etzi, ordea, kalean postua jarriko dute hausnarketa prozesua bideratzen ari diren kideek. Gaur, urriak, 4, eliz atarian egongo dira 13:30era bitartean. Bihar, urriak 5, Jausoron egongo dira 10:30etik 13:30era bitartean, eta Aizkibel liburutegiaren aurrean 15:00etatik 19:00etara artean. Asteazkenean, aldiz, Elkargunean jarriko dute postua 10:30etik 13:30era bitartean, eta Balda plazan 15:00etatik 19:00etara.
Herritarrekin ez ezik, herriko elkarteekin eta eragileekin ere hasi dituzte batzarrak, "gai ezberdinetan gehiago zentratu eta sakontzeko", eta horretako hainbat saio egingo dituzte Elkargunean. Saio horietan parte hartzea irekia izango da, baina joan behar dutenek aurrez jakinarazi beharko dute partaidetza@azkoitia.eus helbidera idatzita edo 656 788 282 zenbakira deituta.