Joan den ostiraletik atzo arte Emakume Txirrindularien Azkoitiko I. Topaketa egin dute Azkoitiko Abaraxka aterpetxean, Kukuerri elkarteak eta Mujeres en Bici-Bizikumek antolatuta. Hitzaldia, bizikleta irteerak, bazkaria eta mekanika tailerra egin dituzte egun horietan, 40 bat emakumek parte hartuz. "Parte hartzaileak batik bat Gipuzkoatik eta Nafarroatik etorritakoak izan dira", zehaztu dute topaketaren antolatzaileek.
Emakume Txirrindularien Topaketak jarritako helburuak bete dituela eta emaitza bikaina izan duela nabarmendu dute. "Parte hartu duten txirrindularien artean sortutako giroa nabarmentzekoa izan da, eta leku desberdinetatik etorritakoak izanda, sareak eratu eta indartu dira. Hain justu hori zen topaketaren helburuetako bat, eta aurrera begira sare horiek elikatzea eta indartzea nahi da, emakumeen artean bizikletaren erabilera bultzatzeko", esan dute antolatzaileek.
Lehen topaketaren esperientzia "ona" izanda, elkarlanean segitzeko asmoa azaldu dute Kukuerri elkarteak eta Mujeres en Bici-Bizikumek: "Zalantzarik gabe topaketa gehiago izango dira Abaraxkan, parte hartu dutenek ere esperientzia errepikatzeko asmoa azaldu baitute".