Gaur, urriak 1, Adinekoen Nazioarteko Eguna da, eta egun horren harira, Urolako Komunikazio Taldeak (UKT) –tartean da Maxixatzen– gehigarri berezia argitaratu du, 65+ eguna: izen bat, mila izan izenburupean. Gehigarria Urola Kostako Hitzaren harpideek etxean jaso dute gaur, eta online hemen irakur daiteke, baita deskargatu ere.
Zer da adinekoa izatea gaur egungo gizartean? Zer erronka ditu gizarteak arlo horretan? Egun honetako protagonistei eman zaie ahotsa gehigarriko orrietan, eta Urola Kosta eskualdeko hainbat datu ere bildu dira, baita herriz herrikakoak ere.
Hausnarketaz beteriko iritzia idatzi du, esaterako, Edurne Zubia Azpeitiko Udaleko Gizarte Zerbitzuetako arduradun tekniko zumaiarrak; elkarrizketa egin zaio Helduak Adi adinekoen elkartearen sortzaile Maria Angeles Amenabar azpeitiarrari; eta hiru erretiraturen istorioak jaso dira: Valentina Gomez azkoitiarrarena, eta Jose Manuel Herrero eta Miguel Agirrezabal zarauztarrenak.