Azkoitiko Udal Musika Bandak eta Sorotan Bele taldeko Gorka Sarriegi zein Urbil Artolak kontzertua emango dute urriaren 16an, larunbata, Azkoitian; 19:00etan izango da emanaldia, Baztartxo antzokian. Sorotan Bele musika taldea lehen entseguak egiten hasi zenetik 30 urte bete ziren iaz, eta horren harira, Sorotan Bele Gogoan izeneko kontzertuak ari da eskaintzen musika taldeko Sarriegi eta Artola. Era berean, Azkoitiko Udal Musika Bandaren 150. urteurrena ere gogoratuko dute emanaldian.
Sorotan Bele Gogoan musika ikuskizunak gorazarre egin nahi dio 1990eko hamarkadan Euskal Herriak izan zuen folk-pop talderik gogoangarrienetakoari. Musika taldeak hiru disko entzutetsu argitaratu zituen eta haien kantu asko ereserki bilakatu ziren. Nahiz eta taldea desagertu, kantu asko geratu dira, betiko, euskal musika eta kulturaren despentsan.
Sarrerak datorren astelehenean, urriak 4, jarriko dituzte salgai, 5 euroren truke, Azkoitiko Olaberri tabernan. Bildutako diru guztia CDKL5 urritasunagatiko sindromea duten pertsonen alde lan egiten ari den elkartearentzat izango da. Halaber, '0 butaka' izenarekin, dohaintzak egiteko aukera ere emango dute, honako kontu korronte zenbakian: ES80 2100 5039 8602 0005 1271.