Ro musika taldea, Hiriko Soinuak lehiaketaren irabazle

Aitziber Arzallus 2021ko ira. 26a, 10:48

Sari gisa, urriaren 30ean Bizkaia Arenan egingo duten Hiriko Soinuak jaialdian kontzertua emateko aukera izango du Azpeiti eta Azkoitiko musikariz osatutako taldeak.

Ro musika taldeak Barakaldoko (Bizkaia) Hiriko Soinuak lehiaketako sari nagusia irabazi du. El Viejo Chimango eta Unai taldeak ziren beste hautagaiak, baina epaimahaiak Azkoitiko eta Azpeitiko musikariz osatutako taldea saritzea erabaki du. Atzo iluntzean jakinarazi zuten epaiaren berri.

Sari nagusiaz gain, beste hainbat ere banatu zituzten. Barakaldoko artistarik onenarena Debajo del Paraguas taldearentzat izan da; Berdintasun saria, Cenizafraguarentzat; eta euskarazko artistarik onenaren saria Pikowskyrentzat. Irabazleek urriaren 30ean Bizkaia Arenan kontzertu bana emateko aukera izango dute, Hiriko Soinuak jaialdian.

Hiriko Soinuak Barakaldoko Udalaren kultur proiektu bat da, musika artistak bilatu eta horiek sustatzeko. Era berean, musika industriarekin lehen hartueman profesionala izateko eta musika kultura sustatzeko aukera ere eman nahi du proiektuak.

Ro musika taldea, berriz, rock instrumentala eta post-rock estiloak uztartzen dituen taldea da, eta Gorka Alcaldek —gitarra— Josu Usobiagak —bateria—, Iñigo Gonzalezek —gitarra— Mikel Iraetak —sintetizatzailea eta teklatua— eta Iker Amenabarrek —baxua— osatzen dute bostekoa.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide