Saskibaloi zaleek hitzordu garrantzitsua dute asteburuan, gizonen Euskal Kopa hasi baitzen atzo, ostirala, Azpeitiko kiroldegian, eta gaur eta bihar partidu bana jokatuko da bertan. Euskal Saskibaloi Federazioaren laguntzarekin, Espainiako LEB mailan dauden hiru talde euskaldunek neurtuko dituzte indarrak Euskal Kopan: Juaristi ISBk, Zornotzak eta Acunsa Donostia Gipuzkoa Basketek. Atzo, ostirala, izan zen lehen norgehiagoka Juaristi ISB eta Zornotzaren artean, eta Azkoiti-Azpeitiko taldeak mendean hartu zituen zornotzarrak; 68-50 amaitu zen partida. Bizkaitarrek egin zituzten partidako lehen saskiratzeak, baina ondoren, etxeko taldeak buelta eman zion lehiari, eta aurretik ibili ziren partidaren lau zatietan.
Gaur, zapatua, Euskal Kopako bigarren partida jokatuko dute zornotzarrek Acunsa Donostia Gipuzkoa Basketen aurka, 18:00etan hasita, eta bihar, igandea, Juaristi ISB eta donostiarren arteko lehiarekin erabakiko da nork eskuratuko duen gizonen Euskal Kopa. 18:00etan hasiko da partida hori ere, eta Azpeitiko kiroldegian izango da. Sarrerak dagoeneko salgai daude webgune honetan, eta online salduko dituzte partidak hasi baino bi ordu lehenagora arte. Partida bakarra ikusteko sarrera bakoitzak 10 euro balioko ditu, bi ikusteko 15 euro eta hiru norgehiagokak ikusteko 20 euro.
Emakumeek joan den astean jokatu zuten Euskal Kopa, eta Azkoitia-Azpeitia ISBko neskek lortu zuten garaipena Beasaingo finalean, Barakaldori eta Idiazabali irabazita.