3x3 Futbol Festaren zazpigarren edizioa jokatuko da Azkoitian urriaren 30ean, 31n eta azaroaren 1ean. Abuztuan zabaldu zuten jardueran parte hartzeko izena emateko epea, eta urriaren 10era bitartean egongo da horretarako aukera. Azpeitia Cup-ek antolatzen du kirol ekitaldia, eta 5 eta 11 urte (2009 eta 2016 artean jaiotakoak) bitarteko haur eta gaztetxoei zuzendutakoa da. Antolatzaileek aurreratu dutenez, 60 taldek eman dute festan parte hartzeko izena dagoeneko, "300 haur inguruk, hain zuzen ere".
Azkoitian jokatuko den Futbol Festan Azkoitiko, Azpeitiko, Errezilgo, Zestoako, Zumaiako, Getariako, Zarauzko, Urretxuko, Zumarragako eta Legazpiko haurrek parte hartuko dutela adierazi du Azpeitia Cup-eko Meliton Rodriguezek. Antolatzaileek esan dutenez, pandemiak eragindako "egoera gogorra" tarteko, ezin izan dute txapelketa nahi duten datetan antolatu. Dena den, egoerak "hobera" egin duela ikusita, Futbol Festa antolatzera animatu dira. Azkoitiko Udalari eta urtez urte kirol ekitaldia aurrera ateratzen laguntzen dutenei eskerrak eman dizkie Rodriguezek.
Oraindik 3x3 Futbol Festan izena eman gabe daudenak bertan parte hartzera ere gonbidatu dituzte. Izena emateko tokiak Ñam-ñam gozotegia eta Plaza Berri Sport dira Azkoitian.