Eguraldi iluna bidelagun izan arren, gaur, larunbata, Azkoitiko Herrixen merkatari elkarteko hainbat saltoki kalera, herriko plazara atera dira. Eguerdi partean jende asko ibili da postuz postu, beherapena zuten arropen, oinetakoen eta bestelakoen bila. Azkenaldian, Beherapen Azoka Balda plazan egin badute ere, aurten, herriko plazan ari dira egiten.
Hamar saltoki ari dira parte hartzen plazan jarri duten azokan, baina beste zenbait saltokik eskaintza bereziak eskainiko dituzte gaur beren dendetan. Plazan honako saltoki hauek aurki daitezke: Aitzaki kirolak, Bego, Begobi, Hazia, Iroa arropa denda, Izpi Optika, Maina, Naiena, Trukebai eta Yoko Kirolak.
Azokaren helburua da herriko merkataritza txikia sustatzea eta herritarren artean herrian bertan erosteko kontzientzia bultzatzea. COVID-19 dela eta, derrigorrezkoa da gaurkoan ere maskara erabiltzea. Gainera, postu bakoitzean, gehienez, lau pertsona egon ahal dira une berean.