Emakume txirrindularien topaketa egingo dute Abaraxkan, urriko lehen asteburuan

Andoni Elduaien 2021ko ira. 18a, 08:45

(Coen Van den Broek - Unsplash)

Urriko lehen asteburuan, ostiraletik igandera bitartean, egingo dute txirrindularien elkarretaratzea aterpetxean, Kukuerri elkarteak, Mujeres en Bici-Bizikume elkartearen antolatuta. Ekintzetan parte hartzeko izena eman beharko da aurrez.

Emakume txirrindularien elkarretaratzea edo topaketa egingo dute urriko lehen asteburuan, Abaraxka aterpetxean. Urriaren 1etik 3ra bitartean egingo dute topaketa Azkoitian. Irteerak mendiko zein errepideko bizikletan egingo dituzte, eta guztiak Abaraxka aterpetxean hasi eta bukatuko dira.

Antolatzaileek adierazi dutenez, ibilbideak bereziki hasiberrietzat prestatu dituzte, topaketaren helburua baita bizikleta emakumeen artean bultzatea. Parte hartzaileek nahi duten irteeran edo ekimenean eman ahalko du izena. "Bizikletan eta lagunartean gozatzeko gogoa da baldintza bakarra", azaldu du Kukuerri elkarteak.

Urriaren 1ean, 19:00etan, Mujeres en Bici elkartearen eta Bizikume kirol taldearen sortzailea den Erkuden Almagro nafarrak harrera hitzaldia eskainiko du. Txirrindularitza taldea eta elkartea Iruñean sortu zen, baina, gaur egun, hainbat lekutara zabaldu den egitasmoa edo mugimendua da. Almagro, gainera, Women In Bike emakumeentzako txirrindularitza elkarretaratzeen edo topaketen koordinatzailea ere bada.

Mendian eta errepidean

Mendiko bizikletekin nahiz errepideko bizikletekin egingo dituzte ibilaldiak topaketan izena ematen duten emakumeek. Urriaren 2an –larunbata–, 10:00etan abiatuta, egingo dituzte lehen bidaiak, errepideko zein mendiko bizikletan. Errepideko bizikletarekin kostaldera joko dute, eta MTBekoek Zumarraga (Gipuzkoa) aldera, Urolako Bide Berdea jarraituz. Irteeratik itzulitakoan, taldeko bazkaria egingo dute, eta ondoren, oinarrizko mekanika ikastaroa eskainiko dute Abaraxkan bertan. Urriaren 3an –igandean– ere egingo dituzte irteerak. Bi irteera desberdin egingo dituzte 10:00etan hasita, baina antolatzaileen asmoa da ibilbidean zehar bat egitea eta guztiak elkarrekin Azkoitira itzultzea.

Elkarretaratzea inguruko emakume txirrindularien arteko topaketa bezala ere uler daitekeela adierazi du Erkuden Almagrok: "Asteburu zoragarria pasatzeaz gain, konektatzeko, elkar ezagutzeko eta bailarako emakumeen artean bizikletaren erabilera bultzatzeko balioko du topaketak".

Topaketan parte hartzeko, izena eman beharko da 679 46 44 73 telefono zenbakira deituta. Asteburu osoko ekintzetan eman ahalko da izena, aterpetxean ostatu hartzea barne. Halere, soilik bizikleta gainean egingo diren irteeretarako ere eman ahalko da izena.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide