Ostiralean eta igandean bina kasu positibo zenbatu ditu Osasun Sailak herrian

Dorleta Agiriano Lai 2021ko ira. 13a, 13:39

Azkoitia 300eko langatik urrundu eta 200ekora hurbildu da azken hiru egunetako positiboen ondoren. Hala eta guztiz ere, eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herrien artean zenbateko altuena duen herria da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan intzidentzia tasak beste zortzi puntu egin du behera, eta 172,34an kokatu da.

Azken hiru egunetan egindako PCR eta antigeno proben emaitzak jakinarazi ditu Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, eta txostenaren arabera, Azkoitian lau positibo zenbatu dituzte azken hiru egunetan –bina ostiralean eta atzo, igandea–. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak, ordea, behera egin du herrian. 242,01ean zegoen zenbatekoa joan den osteguneko datuak kontuan hartuta; gaur, berriz, 225,32koa da. 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herrien artean, baina, Azkoitiak du tasarik altuena.

Urola Kosta eskualdean, berriz, 22 kasu positibo baieztatu dituzte. Aurreko asteburuan hamabost kasu izan ziren; zazpi gutxiago. Azken hiru egunetan sei lagunek eman dute positibo Azpeitian –bik ostiralean eta lauk larunbatean–, bostek Aian –hiruk ostiralean eta bik larunbatean–, eta lauk Zarautzen –batek ostiralean eta hiruk atzo–. Orion, Zestoan eta Zumaian, berriz, kasu bana atzeman dute asteburuan; larunbatean Orioren eta Zestoaren kasuan, eta ostiralean Zumaian.

Gaur egun Aia da, eskualdeko udalerrien artean, intzidentzia tasarik altuena duena: 251,89an dago asteburuko emaitzen ostean. Urola Kostan Azpeitia da kasu metatuen tasarik altuena duen hirugarren herria, baina ostiraletik hona berdin mantendu da, 203,68an. Gertutik jarraitzen dio Zumaiak, 172,99ko intzidentzia tasarekin –jaitsi egin da ostiraletik, 193,34an baitzegoen egun horretan–, eta Zestoa da eskualdean tasarik altuena duen bosgarren udalerria; 179,76koa –berdin mantendu da ostiraletik–.

Orion, aldiz, 81,54tik 97,85ra igo da tasa ostiraletik, eta Zarautzen, berriz, 94,23an jarraitzen du. Getarian beheranzko joerari eusten dio tasak, eta 35,34an dago gaur egun. Beizaman hutsean dago oraindik, baina berrikuntza moduan, Aizarnazabalen eta Errezilen ere hutsean jarri da tasa asteburua eta gero.

Positiboak, gutxitzen

Atzo, igandean, 158 kasu positibo detektatu zituzten Hego Euskal Herrian –240 izan ziren aurreko igandean, irailaren 5ean–; hain justu, 61 Bizkaian, 40 Gipuzkoan, 39 Nafarroan, hamazazpi Araban eta bat lau lurralde horietatik kanpo bizi diren pertsonen artean. Proba egindakoen %3,2k eman zuten positibo atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta beraz, positibotasun tasak nabarmen egin du behera: %5,1ekoa izan zen osteguneko probetan. Nafarroan, baina, igo egin da positibotasun tasa: %3,7koa izan zen ostegunean, eta %5ekoa atzo.

Atzoko datuen arabera, Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan, COVID-19ak jotako 170 lagun daude ospitaleratuta; 57 dira ZIUn daudenak. Ostiralean 29 ospitaleratze berri izan ziren Osakidetzan, hemeretzi larunbatean eta 26 atzo. Nafarroan, berriz, lau lagun ospitaleratu dituzte, eta gaur-gaurkoz 65 dira erietxean dauden gaixoak; ZIUn larri dauden herritarrak, berriz, hogei dira. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan intzidentzia tasak beste zortzi puntu egin du behera, eta 172,34an kokatu da. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide