241 positibo atzeman dituzte Hego Euskal Herrian

Nerea Uranga 2021ko ira. 12a, 13:52

5.245 test egin dituzte denera Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan; Gipuzkoan 63 kasu atzeman dituzte.

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak COVID-19aren inguruan emandako datuen arabera, atzo 241 kasu positibo detektatu zituzten Hego Euskal Herriko lau lurraldeetan egindako 5.245 PCR eta antigeno probetan. Ostiraleko datuekin alderatuta, 40 kasu gutxiago izan dira atzemandako kasu positiboak, baina atzo herenegun baino 859 proba gutxiago egin zituzten. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako positibotasun tasak ere apur bat behera egin du, %4,3an kokatuz; Nafarroakoak, aldiz, gora egin du %3,6tik %6,2ra.

Lurraldeei dagokionez, 26 kasu atzeman zituzten Araban, 91 Bizkaian, 63 Gipuzkoan eta 55 Nafarroan. Lurralde horietatik kanpoko beste sei pertsonek ere eman zuten positibo atzo.

Ospitaleen egoerari dagokionez, COVIDaren ondorioz 19 pertsona ospitaleratu zituzten atzo Osakidetzak kudeatutako erietxeetan, eta gaur-gaurkoz COVIDarekin gaixotutako 58 pertsona daude ZIUetan. Nafarroan bi lagun ospitaleratu zituzten, eta hogei gaixo daude ZIUetan.

Eusko Jaurlaritzak ez du herriz herriko daturik ematen asteburuetan, horien berri bihar, astelehena, emango du.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide