Azkoitiko Tta-kun areto futbol taldeak sasoiko dagoela erakutsi du gaur Elkarguneko kantxan Oñatiko (Gipuzkoa) Aloña Mendi taldearen kontra jokatutako lagunartekoan. 11:00etan hasi dute areto futbolekoek partida, eta Oñatiko futbolariak izan dira aurrenak markagailua estreinatzen; 22. minutuan sartu dute lehen gola. Hiru minutu geroago, ordea, Ttakun taldeko Urtzik gola sartu du. 1 eta 1 berdinduta iritsi dira atsedenera.
Partidaren bigarren zatian, Azkoitikoen kontrakoek ez dute golik sartu, eta Ttakun aurrea hartzen joan da. 33. minutuan Alexek sartu du gola eta 59.ean Urtzik. Ondorioz, 3 eta 1 irabazi du Tta-kunek.
Tta-kun areto futbol taldea 2019. urtean sortu zuten herriko hainbat gaztek. Gipuzkoako Hirugarren Mailan ekin zion ibilbideari, baina igoera tarteko, gaur egun Bigarren Mailan dago. Taldeak urriaren 2-3ko asteburuan hasiko du denboraldi berria. Lehen neurketa etxean jokatuko du Bilkoin Legorreta taldearen kontra.