Lurreko seinaleztapena edo seinaleztapen 'podotaktila' deiturikoa jarri dute Elkargunean. Lurzoruan, modu erregularrean kokatuta, kupula edo barra formako elementuak ipini dituzte ikusmen murritza edo itsutasuna duten pertsonak gidatzeko eta ohartarazteko. Azkoitiko Udalak azaldu duenez, modu horretan, lurreko erliebeak lagundu egiten die ikusmen murriztasuna duten pertsonei beren mugimenduetan zein joan-etorrietan, eta irisgarritasuna nahiz segurtasuna bermatzen die.
Ikusmen arazoaz dituztenentzat bakarrik ez, beste zenbait kolektiborentzat ere lagungarria izango da, hala nola, pertsona nagusientzat edo bestelako aniztasun funtzionala dutenentzat. Udalaren arabera, estreinakoz jarri da horrelako seinaleztapena herriko eraikin publiko batean.
"Seinaleztapen 'podotaktila'-rekin Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioak, Marea Urdinak eta IDOk Elkargunearen irisgarritasunaren inguruan egindako txostenean jasotzen diren ekarpenetako bati erantzun nahi izan dio udalak", azaldu du erakundeak. Helburua "irisgarritasun unibertsala lortze bidean aurrerapausoak ematen joatea" dela adierazi du udalak, sistema "inklusiboak" ezarriz espazio publikoetan, arkitekturan eta hirigintzan, oro har. Seinaleztapenaren kostua 17.971,53 eurokoa izan da (BEZa barne).