Euskal Pentatloi Sariaren laugarren edizioari ekin diote gaur Azpeitiko zezen plazan. Hain zuzen ere, txapelketa horren lehen kanporaketa jokatu dute zortzi kirolarik. Iazko edizioan zortzigarren postutik atzera gelditu zirenak eta aurten izena eman duten berriak lehiatu dira: Joseba Otaegi, Beñat Amade, Ousmane Drame, Daniel España, Aritz Irazabal, Unai Ardeo, Gorka Etxeberria eta Jon Unanue Goenatxo III.a azkoitiarra. Zortzikote horretatik lau denbora onenak egin dituztenek lortu dute bigarren kanporaketan aritzeko txartela. Zehazki, honako hauek egin dute aurrera: Otaegik, Irazabalek, Etxeberriak eta Amadek. Goenatxo III.ak bosgarren postua eskuratu du, eta beraz, txapelketatik kanpo gelditu da, gutxigatik.
Aurrera egitea lortu duten lau kirolariek datorren larunbatean, hilaren 11n, zain izango dituzte Gabirondo, Peñagarikano, Errazkin, Kañamares, Izeta VI.a, Jagoba Otaegi, Mugertza eta Zelai V.a; bigarren kanporaketan lehiatuko diren hamabi kirolariek hilaren 25eko finaleko sei postuak izango dituzte jokoan.
Hona hemen gaurko kanporaketan parte hartu duten kirolariek egin dituzten denborak:
1. Joseba Otaegi. 11:31:07.
2. Aritz Irazabal. 11:54:03.
3. Gorka Etxeberria. 13:10:80.
4. Beñat Amade. 13:18:87.
5. Jon Unanue. 13:51:14.
6. Ousmane Drame. 16:23:39.
7. Daniel España. 17:04:74.
8. Unai Ardeo. 19:21:11.