GUKA argazki lehiaketan parte hartzeko azken egunak

Maxixatzen.eus 2021ko ira. 3a, 16:45

Astebururako eguraldi ederra iragarri dute, eta aukera paregabea izan daiteke eskualdean planak egiteko. Urolako Komunikazio Taldeak antolatu duen udako GUKA argazki lehiaketa irailaren 10ean amaituko da, eta azken egunak dituzu eskualdeko txokoetan argazkiak ateratzeko. Animatu, sari bikainak irabaz baititzakezu!

Eguraldi eguzkitsua egingo du datozen egunetan, eta aukera paregabea izan daiteke eskualdeko txokoak bisitatzeko: hondartza, mendia, askotariko eraikinak... Gune horietan argazkiak ateraz gero, gainera, GUKA argazki lehiaketan parte har dezakezu, eta bide batez, sari bikainak irabazi! Urolako Komunikazio Taldeak –tartean Uztarriak– antolatu du aurten ere lehiaketa hori. Bertan parte hartzen duten herritarrek honako sari hauek eskuratu ahal izango dituzte: epaimahaiaren saria, ikusleen saria eta bozketan parte hartzen duten herritarren artean zozkatuko den saria.

Uda sasoian Urola Kostan ateratako argazkiak aurkeztu beharko dira lehiaketara, eta bozketa fasea irailaren erditik aurrera jarriko da martxan. Horrenbestez, herritarrek irailaren 10era arte aurkeztu ahal izango dituzte irudiak, lehiaketa@ukt.eus helbidera e-posta mezua bidalita edo Whatsapp bidez 688 84 63 51 telefono zenbakira idatzita. Gainera, webgunera ere igo ahal izango dira argazkiak, zuzenean –Zarauzko Hitzaren webgunean jarri du UKTk irudiak igotzeko aukera–. Parte hartzaile bakoitzak, gehienez, hiru argazki aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara.

E-posta nahiz Whatsapp mezuetan argazkia non egina den azaldu eta hainbat datu pertsonal eman beharko dituzte herritarrek, hala nola izen-abizenak, helbidea, herria, adina, NA, e-posta helbidea eta telefono zenbakia. Argazkiak webgunera zuzenean igotzen dituztenek, berriz, formularioa bete beharko dute. Irudiak koloretakoak nahiz zuri-beltzekoak izan daitezke, baina horiek inon argitaratu gabekoak izan beharko dute.

Argazkia guztiak Urolako Komunikazio Taldearen artxiboan gordeko dira, eta hedabide taldeak bere egiten du jasotako lanak publikatzeko eskubidea. Bidalitako lanen jabe den lehiaketako parte hartzaileak lanak erabiltzen eta jendaurrean erreproduzitzen uzten dio Urolako Komunikazio Taldeari, egilearen izena adierazita.

Sari ederrak

Epaimahaiak irailaren 10aren ostean hartuko du erabakia; hau da, epaimahaiak erabakiko du zein den aurtengo GUKA lehiaketako argazkirik onena. Ondoren zabalduko da herritarrek argazki onenaren aldeko boza emateko epea. Irabazleen izenak urriaren 1ean jakinaraziko ditu UKTk.

Sari bikainak eskuratu ahal izango dira aurtengoan ere. Epaimahaiaren saria jasotzen duen argazkiaren egileak, esaterako, Xoxoteko aterpetxean lau lagunentzat egonaldia (gau bat) eskuratuko du, mantenu-erdian (afaria eta gosaria). Aldiz, erabiltzaileen boto gehien jasotzen dituen irudiaren egileak, berriz, Talai Berri txakolindegian bi lagunentzako upategira bisita, hamaiketakoa eta pare bat botila irabaziko ditu. Botoa ematen duten herritar guztien artean, berriz, bi lagunentzako Oria ibaian paddle surf ibilbidea egiteko txartela zozkatuko du UKTk.

Lehiaketaren nondik norako guztiak honako lotura honetan irakur daitezke.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide