Hilaren 12an itxiko da Gazteria sailak antolatutako ikastaroetan izena emateko epea

Andoni Elduaien 2021ko ira. 1a, 10:30

Hainbat ikastaro antolatu ditu Gazteria sailak irailetik abendura bitartean gauzatzeko. LH3-DBH4 adin tartekoei eta 16 urtetik gorakoei zuzendutako ikastaroak izango dira. Gainera, izen-emateen ordenaren arabera osatuko dira taldeak.

Gazteria sailak antolatutako aisialdiko ikastaroetan parte hartzeko epea irailaren 12an itxiko da. Udalak azaldu duenez, promosamenaren helburua da "ikasteko aukera eskaintzea, modu dibertigarrian eta lagun artean". LH3-DBH4 adin tartekoei eta 16 urtetik gorakoei zuzendutako ikastaroak izango dira guztiak. Izen-emateen ordenaren arabera osatuko dituzte taldeak, plazak bete arte, beti ere.

Teknologia berriak ikasteko aukera izango da aisia eta heziketa uztartuta. Beste behin, programazioa eta robotika lantzeko aukera eskainiko da, eskutik baitoaz biak. Robotikako ikastaroak LH3-LH6 eta DBH1-DBH4 adin tartekoentzat emango dira. Halaber, LH3-LH6 artekoek bideojokoen diseinuaz gozatzeko aukera ere izango dute. 

LH4tik aurrerakoentzat, berriz, 3D grafismo marrazketan trebatzeko ikastaroak eskainiko dituzte, baita marrazketa artistikoa ere LH4-LH6 eta DBH1-DBH4 adin tartekoentzat. Ilustrazio marrazketa ikastaroa ere aukeratu ahalko dute DBH1-DBH4 artekoek. 

Eskulanen ikastaroa, brikolajea eta artisautza saioak ere eskainiko dituzte. Eskulanen saioak LH4-DBH2 adin tartekoei eta 16 urtetik gorakoei eskainiko zaizkie. Brikolajea eta artisautza, ostera, LH4tik gorakoentzat izango da. Irudiaren eta soinuaren 3DIKA ikastaroa da zerrendako beste aukeretako bat. Hori ere LH4tik gorakoentzat emango da, eta taldeak adinaren arabera osatuko dira.

Azkenik, 16 eta 18 urte bitartekoentzat 'Praktika ona kiroletan' goiburupean, ciclyng, muskulazioa, total trainning eta eskalada ikastaroak ere eskainiko dira.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide