Anaitasuna futbol taldeak sareetan jakinarazi duenez, Mikel Azkoiti jokalaria taldera itzuliko da datorren denboraldian. Azken zortzi urteetan Real Unionen elastikoa defendatu du futbolari azkoitiarrak, baina Irungo taldeak kontraturik ez ziola luzatuko iragarri zuen joan zen ekainean. Hori dela eta, uztailaren amaieran omenaldia egin zion Real Unionek Azkoitiri. Hainbat urteren ostean, beraz, gorrixen elastikoa eramango du soinean 34 urteko azkoitiarrak, eta zelaiko atzeko lerroko edozein postutarako Azkoiti "laguntza bikaina" izango dela nabarmendu du Anaitasunak.
Aurtengoa urte berezia izan da Mikel Azkoitirentzat; izan ere, Real Unionek 2021-2022 denboraldian RFEF Lehen Mailan —Espainiako Futbol Federazioak sortutako maila berria— aritzeko txartela erdietsi zuen joan zen maiatzean.