Asteazkenean egindako PCR eta antigeno proben emaitzen berri eman du Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak. Horien arabera, beste hamabost kasu positibo eman ziren atzo Urola Kostan; asteartean izandako kasuekin alderatuta sei kasu gutxiago dira. Azkoitian hiru kasu hauteman dituzte, eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasan ez da gorabeherarik izan; 158,68an jarraitzen du.
Bestalde, eskualdeko positiboetatik ia herena, lau positibo, Zumaian eman dira. Kasuen igoera horrek ez du eraginik izan herriaren tasa metatuan; 356,16ko tasa du Zumaiak, eta eremu laranjan jarraitzen du. Azkoitian bezala, Zestoan ere hiru kasu hauteman dituzte, eta 564,97ko intzidentzia tasa dute. Azpeitian bi kasu positibo atzeman zituzten atzo –315,37ko tasa du herriak, eta eremu laranjan dago–, eta kasu bana Aian, Aizarnazabalen eta Zarautzen. Beizaman, Errezilen, Getarian eta Orion ez zuten positiborik aurkitu atzoko probetan.
Hego Euskal Herriari dagokionez, 633 positibo zenbatu zituzten atzo. Bezperan baino 103 kasu gutxiago dira. Araban 73 kasu detektatu zituzten atzo, 289 Bizkaian, 163 Gipuzkoan eta 94 Nafarroan. Lau lurralde hauetatik kanpoko beste hamalau lagunek ere positibo eman zuten atzoko probetan.
Ospitaleratuei dagokionez, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan 229 lagun zeuden atzo ospitaleratuta; beste 76 lagun –bezperan baino bi gutxiago– zeuden Osakidetzako erietxeetako Zaintza Intentsibotako Unitateetan. Nafarroan, berriz, 94 pertsona zeuden ospitaleratuta, horietako 27 ZIUn.