Bi kasu hauteman dituzte azken hiru egunetan Azkoitian

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 23a, 13:46

Eremu horian jarraitzen du herriak, eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 150,21ekoa da egun. Hego Euskal Herrian, bestalde, ospitaleratzeen kopuruak goraka jarraitzen du.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak argitaratu berri ditu ostiraletik igandera bitartean egindako PCR eta antigeno proben emaitzak, eta eskualdean, guztira, 27 kasu detektatu dituzte. Azkoitiaren kasuan, bi kasu soilik hauteman dituzte hiru egunetan, eta 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasa 150,21ean kokatu da duela astebete bost izan ziren herrian detekatutako kasuak—; beraz, nabarmen jaitsi da tasa metatua.

Bestalde, Urola Kostan positibo gehien Zarautzen atzeman dituzte. Hamabi kasu zenbatu dituzte kostaldeko herri horretan hiru egun hauetan: sei ostiralean, lau larunbatean eta bi igandean. Hala ere, intzidentzia tasak behera egin du epe honetan Zarautzen, ostegunean zuen 351,22 puntutik 325,52ra, eta eremu laranjan jarraitzen du herriak. 

Laranja kolorera pasa den herria Zumaia da. Ostegunean 529,15 puntuko tasa metatua zuen, eta hiru eguneko epean 130 puntu jaitsi da. Gaur gaurkoz, 396,87 puntuko intzidentzia tasa du Zumaiak. Positiboei dagokionez, hiru eguneko epean lau kasu berri izan dira, laurak ere larunbatean. 

Gorrian mantentzen den herri bakarra Azpeitia da, gutxigatik bada ere. 413,93 puntuko tasa du gaur egun herri horrek. Asteburuan hiru kasu positibo berri ezagutu dira, hirurak ere igandean. 5.000 biztanletik gora eskualdean dauden beste herria, Orio, eremu horian dago. Kasu bakarra izan dute, larunbatean, eta tasa 228,31koa du egunotan. Eskualdean beste hiru herritan izan dira positiboak: Zestoan eta Errezilen bina, eta bat Getarian.

Hego Euskal Herriari dagokionez, 450 kasu izan ziren atzo, egindako 4.922 probatan. %8,9ko positibotasun tasa izan zen atzo Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %10,4koa Nafarroan. Araban 50 kasu izan ziren, 200 Bizkaian, 106 Gipuzkoan eta 87 Nafarroan. Beste lurralde batzuetako zazpi lagunek ere positibo eman zuten atzo. 

Ospitaleratuei dagokionez, gora egin du Osakidetzako Zaintza Intentsibotako Unitateetan ingresatutako lagunek: 82 lagun daude gaur gaurkoz ZIUetan. Nafarroan, berriz, 31 lagun daude unitate hauetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide