Positiboek behera egin badute ere, positibotasun tasa igo egin da Hego Euskal Herrian

Julene Frantzesena 2021ko abu. 22a, 12:37

Guztira, 6.305 PCR eta antigeno proba gauzatu eta 640 positibo atzeman dituzte azken orduetan. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako positibotasun tasa %10,3 da, eta %9,2 Nafarroakoa. Azken orduetan gora egin du Hego Euskal Herriko ZIUetan ospitaleratutako pertsonen kopuruak.

Azken orduetan behera egin du Hego Euskal Herrian atzemandako positibo kopuruak; izan ere, atzo, orotara, 640 kasu atzeman zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak. Guztira, 6.305 PCR eta antigeno proba gauzatu zituzten, herenegun baino gutxiago, eta beraz, behera egin dute detektatutako kasuek ere. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako positibotasun tasa %10,3 da –%9,2 zen herenegun–, eta %9,2 Nafarroakoa –%10 zen herenegun–.

Lurraldekako datuei erreparatuz gero, Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien: 248. Gipuzkoan, 186 lagunek eman dute positibo azken orduetan, Nafarroan ehunek, Araban 88k eta lurralde horietatik kanpo bizi diren hemezortzik ere bai.

Osakidetzaren ospitaleetan 31 lagun erietxeratu zituzten atzo Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakinarazi duenez, eta egun 80 lagun daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetako ZIUetan. Beraz, gora egin du gaixo larrien kopuruak, herenegun 73 baitziren horiek. Nafarroan, berriz, 88 lagun daude gaur-gaurkoz ospitaleratuta –herenegun baino bost gutxiago–, horietatik 30 ZIUn –herenegun baino bi gehiago–.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide