Koronabirusaren intzidentziak nabarmen egin du behera azken egunetan Azkoitian. Horren erakusle da astebetean eremu gorritik horira igaro izana. Hain zuzen ere, atzo positibo bakarra atzeman zuen Osakidetzak herrian, eta datu hori tarteko, eremu horian sartu da herria. Zehazki, 275,39 da Azkoitiko intzidentzia tasa, gaur-gaurkoz.
Osakidetzak hamazazpi positibo zenbatu ditu azken orduetan Urola Kostan, bezperan baino bost gutxiago. Azkoitiko kasu positiboaz gain, Zarautzen eta Zumaian launa detektatu ditu Osasun Sailak, Azpeitian hiru, Orion eta Zestoan bina eta Getarian bat. Datuok tarteko, 5.000 biztanletik gorako eskualdeko hiru herrik jarraitzen dute eremu gorrian: Azpeitiak, Zarautzek eta Zumaiak. Azpeitiak du eskualdeko intzidentzia tasarik altuena; izan ere, 749,01 da hango tasa. Zarautz, berriz, eremu gorritik ateratzeko zorian da: 424,04. Eta Zumaiako tasa 630,91 da.
Positibotasun tasak gora
Hego Euskal Herrian, orotara, 8.978 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo Osakidetzak eta Osasunbideak, eta horietan 900 lagunek eman zuten positibo. Lurraldekako datuei erreparatuta, Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien: 374. Gipuzkoan, berriz, 207 positibo detektatu zituzten, Nafarroan 152 eta Araban 152. Gainera, lurralde horietatik kanpo bizi diren hamabost lagunek ere eman zuten positibo atzo gauzatutako probetan. Datuok tarteko, gora egin du Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako positibotasun tasak; izan ere, %10,2 da orain –herenegun %9,4 zen–. Nafarroan, berriz, %9,4 –herenegun %9 zen– da adierazle hori.
Ospitaleratutako pertsona kopurua aintzat hartuta, datuek hobera egin dute. Dena den, ZIUetan herenegun baino lagun gehiago daude ospitaleratuta. Zehazki, 256 lagun daude erietxeratuta Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan –bezperan baino 27 gutxiago–; horietatik 75 ZIUn –herenegun baino bi gehiago–. Nafarroan, berriz, 104 lagun –herenegun baino bat gutxiago– daude ospitaleratuta COVID-19a tarteko, eta horietatik 27 daude ZIUn –herenegun baino bi gehiago–.
Neurriak bere horretan
Gaur goizean bildu da Labiren batzorde teknikoa, Iñigo Urkullu Lehendakaria eta Gotzone Sagardui Osasun Sailburua buru zirela. Bilkuraren osteko agerraldian Sagarduik jakinarazi du uztailaren 14an 874 zela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako intzidentzia tasa, eta 507,43koa dela gaur. "Ondo goaz, baina ez gaude ondo", gaineratu du. Izan ere, arlo asistentziala ere kontuan hartu beharreko esparrua da agintarientzat neurriak arindu ala ez erabakitzeko orduan, eta beraz, orain artean ezarritako neurriei eutsiko diete gutxienez beste astebetez. Bestalde, Sagardui herritarrei zuzendu zaie: "Ez da festak ospatzeko momentua, ez Bilbon, ez Donostian".