Azken orduetan bi positibo zenbatu dituzte herrian

Maria Maya 2021ko abu. 17a, 13:03

Azkoitiko intzidentzia tasak nabarmen egin du behera azken orduetan: izan ere, atzo 367,19 zen tasa, eta gaur, berriz, 308,77. Dena den, oraingoz, eremu laranjan jarraitzen du herriak. Urola Kostan 22 kasu hauteman zituzten atzo. %10etik jaitsi da Hego Euskal Herriko intzidentzia tasa, baina ospitaleetako egoerak ez du hobera egin.

Osasun Sailak kaleratutako txostenaren arabera, Azkoitian bi koronabirus kasu zenbatu dituzte azken orduetan. Datu hori tarteko, nabarmen egin du behera intzidentzia tasak: izan ere, atzo 367,19 zen tasa, eta gaur, berriz, 308,77. Oraingoz, eremu laranjan jarraitzen du Azkoitiak, baina nabarmena da kasuen eta intzidentzia tasaren beherakada.

Urola Kostako herrietan egindako PCR eta antigeno probetan, berriz, 22 koronabirus kasu hauteman dituzte azken orduetan. Duela astebete zenbatutakoak baino sei kasu gehiago dira –hamasei izan ziren joan den asteartean– atzo, astelehena, hauteman zituztenak. Edonola ere, egoera hobera egiten ari da apurka-apurka, eta atzoko datuekin alderatuta, Orio da intzidentzia tasak gora egin duen Urola Kostako herri bakarra.

5.000 biztanletik gorako herrien artean, eremu gorrian jarraitzen dute Azpeitiak, Zarautzek eta Zumaiak. Azken orduetan, Zarautzen zenbatu dute kasu kopuru altuena: zortzi. Azkoitian gisan, Getarian ere bi kasu detektatu dituzte, Zestoan eta Azpeitian launa, eta Orion eta Zumaian bana. Gainerako herrietan, berriz, ez dute kasu berririk zenbatu. 

Hego Euskal Herrian 792 kasu

Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak emandako datuen arabera, atzo 8.404 proba egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietan 792 lagunek eman zuten emaitza positiboa. Bizkaian zenbatu zuten kasurik gehien: 330. Gipuzkoan 186 izan ziren, Nafarroan 151, eta Araban, aldiz, 104. 

Datu horien arabera, positibotasun tasa %10eko langatik jaitsi da. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan % 9,4koa da adierazle hori, eta Nafarroan, %9koa. 

Ospitaleetako egoerak, ostera, okerrera egin du. Osakidetzaren mendeko erietxeetan 283 pertsona daude ospitaleratuta, igandean baino hamahiru gehiago. Horietatik 73 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, berriz, hamasei pertsona ospitaleratu zituzten atzo izurriak jota. Guztira, 103 pertsona daude hango ospitaleetan, horietatik 25 Zaintza Intentsiboen Unitateetan. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide