Azken zazpi egunetan hamabost positibo zenbatu dituzte herrian

Julene Frantzesena 2021ko abu. 13a, 13:07

Azkoitiak eremu gorrian jarraitzen du gaur ere, baina astebetean asko hobetu da egoera herrian; azken orduetan, esaterako, kasu positibo bakarra zenbatu du Osakidetzak, eta intzidentzia tasa 417,26 da. Eskualdeko zenbakiak duela aste batzuk baino hobeak dira oro har. Hego Euskal Herrian 1.204 positibo atzeman dituzte azken orduetan.

Eusko Jaurlaritzak plazaratu berri duen txostenaren arabera, herenegun baino hamar koronabirus kasu gehiago zenbatu zituzten atzo Urola Kostan; denera, 33. Orokorrean, duela aste batzuk baino hobea da egoera, baina jaitsiera oso pausatua da, eta intzidentzia tasei asko ari zaie kostatzen jaistea. Azkoitiak eremu gorrian jarraitzen du gaur ere, baina astebetean nabarmen egin du hobera egoerak; izan ere, gaur-gaurkoz, 417,26 da intzidentzia tasa, eta azken orduetan positibo bat atzeman dute herrian. Azken zazpi egunetako datuei erreparatuz gero, hamabost lagunek eman dute positibo Azkoitian.

Eskualdeko herriei begiratuta, gaur-gaurkoz Orio da eremu gorritik kanpo dagoen eskualdeko herri bakarra, eta oso gertu dago 400eko intzidentzia tasaren mugatik. Atzo lau positibo zenbatu zituzten kostaldeko herri horretan, eta gora egin du intzidentzia tasak: 391,39koa da. Zarautzen zortzi kasu zenbatu zituzten atzo, baina, hala ere, behera egiten jarraitzen du herri horretako intzidentzia tasak egunez egun, oso apurka bada ere. Azpeitian sei kasu eta Zumaian bost zenbatu zituzten atzo, eta mantendu egin da intzidentzia tasa bi herri horietan. Gainontzeko kasuak Getarian (lau), Zestoan (lau) eta Errezilen (bat) zenbatu zituzten atzo.

ZIUen okupazioa, beherantz

Atzo 9.093 PCR eta antigeno proba gauzatu zituzten Osakidetzak eta Osasunbideak Hego Euskal Herrian, eta proba horietan 1.204 lagunek eman zuten positibo –1.117k  herenegun–. Zehazki, 466 kasu atzeman zituzten Bizkaian, 220 Gipuzkoan, 213 Nafarroan eta 182 Araban. Lurralde horietatik kanpo bizi diren 23 lagunek ere eman dute positibo azken orduetan. Datu horiek tarteko, positibotasun tasa %12,1 da egun Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta %12,4 Nafarroan.

Ospitaleetako egoera, berriz, goraberatsua da. Atzo 47 lagun ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta herenegun baino gutxiago izan baziren ere, ospitaleratuta dauden pertsonen kopuruak gora egin du. Egun, 281 lagun daude Osakidetzaren mendeko erietxeetan COVID-19aren ondorioz ospitaleratuta, herenegun baino hamabi gehiago. ZIUetan, ordea, atzo baino bi lagun gutxiago daude (62). Nafarroako ospitaleetako datuak apur bat okerragoak dira herenegungoekin alderatuta. Bi lagun gehiago daude ospitaleratuta (95), eta zainketa bereziak behar dituztenak ere herenegun baino bi gehiago dira (25).

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide