Zortzi positibo zenbatu ditu Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak asteburuan Azkoitian. Aurreko asteburuko datuekin alderatuta, behera egin du, beraz, positibo eman duten pertsonen kopuruak; izan ere, orduan hiru egunetan 11 kasu zenbatu zituzten. Datuen apaltzearekin etorri da hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasaren apaltzea ere; Azkoitian 542,44 da gaur-gaurkoz tasa.
Urola Kostan, orotara, 87 positibo zenbatu dituzte, horietatik ia erdiak Azpeitian. Han atzemandako positibo kopuruak eta intzidentzia tasak nabarmen egin dute gora azken hiru egunetan. Izan ere, ostirala eta atzo bitartean 38 positibo zenbatu ditu Osasun Sailak herrian, aurreko asteburuan zenbatutakoen hirukoitza. Horren eraginez, gora egin du Azpeitiko hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak; 893,56an dago egun –ostiralean 834,43 zen tasa–.
Eskualdeko gainontzeko herrietako datuak apalagoak dira, eta 5.000 biztanletik gorako herrietako intzidentzia tasek baxuagoak dira duela astebetekoekin alderatuta. Dena den, herri guztiek eremu gorrian jarraitzen dute. Salbuespenak ere badira, ordea: ostiraletik igo egin da intzidentzia tasa Zumaian. Hamazazpi kasu berri atzeman dituzte herri horretan ostiraletik igandera bitartean, duela astebete baino zazpi gehiago. Aurreko astean are larriagoa zen kostaldeko herriaren egoera, baina ostiraletik gora egin du apur bat intzidentzia tasak, eta orain 875,14an dago.
Ekialderago, Zarautzen, hemezortzi kasu baieztatu dituzte asteburuan denera –aurreko asteburuan 21 atzeman zituzten–, eta apurka-apurka, beheraka doa herri horretako intzidentzia tasa. Beste apur bat jaitsita, 646,76an dago orain. Orion ere hobera egin dute datuek; azken hiru egunetan bi positibo soilik zenbatu dituzte, eta han ere behera egin du intzidentzia tasak –554,47koa da orain–.
Bestalde, asteburuan bi kasu hauteman ditu Osakidetzak Zestoan, eta bana Beizaman eta Errezilen. Getarian, Aian eta Aizarnazabalen ez dute positibo berririk zenbatu azken egunetan.
Mila positibotik behera
Hego Euskal Herriko lau lurraldeei erreparatuta, 6.756 PCR eta antigeno test egin zituen guztira atzo, igandea, Osakidetzak eta Osasunbideak. Horietan 773 lagunek eman zuten positibo. Lurraldez lurralde, berriz, Bizkaian atzeman dituzte kasu gehien, (513), eta ondoren, Gipuzkoan (249), Nafarroan (191) eta Araban (94). Oraindik ere positibotasun tasak oso altua izaten jarraitzen du: %10,9 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; eta %13,3 Nafarroan.
Ospitaleei dagokienez, 285 eri daude Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetan, eta horietatik 66 dira ZIUetan daudenak. Zainketa bereziak behar dituzten pertsonen kopurua igo egin da aurreko astetik –60 ziren aurreko astean–, baina ospitaleratuen kopurua jaitsi egin da, aurreko astean 299 baitziren. Nafarroan, berriz, 108 pertsona daude ospitaleratuta, eta horietatik hogei daude ZIUetan.