Maialen Sudupek brontzezko bi domina eskuratu ditu Espainiako Txapelketan

Julene Frantzesena 2021ko abu. 9a, 12:08

Uxue Etxeberria, Maialen Sudupe, Maier Lizarzaburu eta Alazne Sudupe Las Palmaseko igerilekuan. (Izarraitz igeri elkartea)

100 metro eta 50 metro bizkar probetan gauzatu zituen balentriak Izarraitzeko igerilari azkoitiarrak. Harekin batera aritu dira txapelketan Uxue Etxeberria, Maier Lizarzaburu eta Alazne Sudupe ere. Horiek hainbat marka pertsonal egin dituzte eta zenbait finaletan aritzeko txartela eskuratu ere bai.

Maialen Sudupe Izarraitz elkarteko igerilariak brontzeko bi domina eskuratu ditu junior eta absolutuen Udako Espainiako Txapelketan, Las Palmasen. Hain zuzen ere, 100 metro eta 50 metro bizkar probetan gauzatu zituen balentriak: 01:04:67 denbora egin zuen 100 metroko finalean, eta 30:21 denbora 50 metrokoan. Gainera, txapelketako lehen egunean marka pertsonala, klubeko errekorra eta finalerako txartela lortu zituen azkoitiarrak 50 tximeleta proban, baina ez zen finalean aritu azkenean.

Ez da, baina, Maialen Sudupe izan txapelketan Izarraitz igeri elkartea ordezkatu duen kide bakarra; han izan dira Uxue Etxeberria, Maier Lizarzaburu eta Alazne Sudupe ere. Horiek dominarik lortu ez badute ere, bere markak hobetzeko eta hainbat finaletan aritzeko gai izan dira. Etxeberriak, esaterako, 100 metro bizkar eta 400 metro estilo probetan marka pertsonalak hobetu ditu. Gainera, bi finaletan aritzeko aukera izan du: 100 metro bular proban eta 400 metro estiloetan. Alazne Sudupek, berriz, marka pertsonala egin du 800 metro eta 1.500 metro libre probetan. Lizarzaburuk ere hobetu du bere marka: 200 metro bizkar proban denbora hobetu eta finalean aritzeko aukera izan du.

Bestalde, lehiako azken egunean, 4x100 estilo proban parte hartu zuten lau igerilariek, eta proba horretan ere Izarraitzeko absolutu mailako igerilarien marka gainditu dute (04:31:45).

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide