Beste koska bat egin du behera intzidentzia tasak herrian

Mailo Oiarzabal 2021ko abu. 6a, 15:37

Atzo hiru positibo zenbatu zituzten Azkoitian. Azken zazpi egunetan guztira 35 kasu azaleratu dituzte herrian egindako PCR eta antigeno probek, eta 600go langatik jaitsi da 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa, 584,16an kokatzeko.

Eremu gorrian jarraitzen du Azkoitiak, baina azken egunetan beheranzko joera erakusten ari dira COVID-19aren intzidentziaren datuak. Atzo hiru positibo zenbatu zituzten herrian, eta intzidentzia metatuaren tasak beste koska bat egin du behera. Azken zazpi egunetan guztira 35 kasu azaleratu dituzte herrian egindako PCR eta antigeno probek, eta 600go langatik jaitsi da 100.000 biztanleko hamalau eguneko intzidentzia tasa, 584,16an kokatzeko.

Hain zuzen ere, eskualdeko herri handienen artean Azkoitian detektatu zituzten atzo positibo gutxien. COVID-19aren bosgarren olatuan gorakadatxoa antzeman da azken orduetan Urola Kostan. Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak jakinarazi berri dituen datuen arabera, 51 positibo zenbatu zituzten atzo eskualdeko herrietan, bezperan baino hamar gehiago. Aste hau hasi zenetik egun bakarrean atzemandako positibo kopuru handiena da atzokoa.

51 positibo horietatik 46 lau herriren artean banatuta ageri dira. Azpeitian goitik dabiltz positiboak azken egunetan, eta atzo han zenbatu zuten eskualdeko kopuru handiena, hamalau; hala ere, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako tasak behera egin du pixka bat Azpeitian herenegundik, eta 827,86an dago gaur-gaurkoz. Zarautzen ere egunean hamarretik gora positibo zenbatzen jarraitzen dute. Atzo hamahiru azaleratu ziren eskualdeko herririk populatuenean, baina han ere behera egin du intzidentzia tasa metatuak, 676,75en kokatzeko. Zumaian, berriz, azken zazpi egunetako positibo kopuru handiena atzeman zuten atzo, hamabi; 5.000 biztanletik gorako herrien artean eskualdeko intzidentzia tasa handiena (864,96) izaten jarraitzen dute Zumaian, herenegundik zertxobait jaitsi arren. Zestoan, aldiz, milako langa (1.001,54) gainditu du intzidentzia metatuak atzo atzemandako zazpi positiboen ondoren.

Getarian eta Orion positibo bana agertu zen atzo, eta Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen bat ere ez.

Hego Euskal Herriko egoera

Hego Euskal Herriko datuei dagokienez, positibo berrien kopuruak behera egin du azken orduetan. Osakidetzak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, guztira 10.538 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo lau herrialdeetan, eta 1.319 positibo azaleratu zituzten horiek: 108 Araban, 591 Bizkaian, 327 Gipuzkoan, 271 Nafarroan, eta beste 22 lurralde horietatik kanpo erroldatutako pertsonen artean. Horrenbestez, %12tik gora mantentzen da positibotasun tasa.

Oraindik kopuru handietan bada ere, positiboen igoera gelditzen ari da azken egunetan. Ospitaleetan, ordea, momentuz ez dute egonkortzerik nabarmendu. Osakidetzaren sarean 54 lagun ospitaleratu zituzten atzo; guztira 325 gaixo zeuden atzo ospitaleratuta Araban, Gipuzkoan eta Bizkaian COVID-19a dela eta, horietatik 66 (bezperan baino bost gehiago) ZIUetan. Nafarroan, pertsona bat hil da azken orduetan COVID-19ak jota. Hamasei ospitaleratze berri izan ziren atzo Nafarroako erietxeetan; 101 gaixo daude guztira ingresatuta, horietatik 21 ZIUetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide