Zazpi positibo berri baieztatu ditu Osasun Sailak Azkoitian

Juan Luis Romatet 2021ko abu. 5a, 13:55

100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasak beherantz jarraitzen du herrian, eta 659,27an kokatu da gaur. Hego Euskal Herrian ere egoerak hobera egiten jarraitzen du.

Koronabirusaren goitibehera honetan, kasu positiboek beherantz egin dute azken orduetan. Osasun Sailak emandako datuen arabera, 41 kasu positibo detektatu zituzten atzo Urola Kostan. Bezperan baino lau kasu gutxiago dira, baina astelehenean baino zazpi gehiago.

Azkoitian zazpi kasu berri izanda ere, intzidentzia tasak 50 puntu egin du beherantz, 709,34tik 659,27ra. Eremu gorrian jarraitzen duen arren, gero eta gertuago du eremu laranja.Bestalde, Azpeitian eta Zarautzen zenbatu dituzte eskualdeko positibo gehien: hamarna herri bakoitzean. Azpeitiko kasuan, azken hamalau egunetako tasa metatua bere horretan mantentzen da, 834,43 puntutan; Zarautzen, berriz, lau puntuan jaitsi da: 715,30etik 711,01era.

Zumaian ere jaitsiera nabarmena izan du tasak: ia 80 puntuan jaitsi da egun batetik bestera, 966,72tik 886,32ra. Atzo beste bost kasu izan zituzten kostaldeko herrian. Orion hiru kasu izan zituzten, eta tasa metatua 766,47an kokatu da, bezperan baino ia ehun puntu txikiagoa. 

Aizarnazabalen (bat), Errezilen (bat) eta Zestoan (hiru) detektatu dituzte beste kasuak eskualdean. 

Hego Euskal Herrian, hobera

1.383 positibo zenbatu zituzten atzo Hego Euskal Herrian. Astearteko datuen antzerakoak dira, orduan 1.389 kasu izan zituztelako. Guztira, 11.147 proba egin zituzten. Positibo gehien Bizkaian eman ziren atzo –608–; Gipuzkoak 319 izan ziren, Nafarroan 281, eta Araban 143. 

Ospitaleratuei dagokionez, beste 56 lagun eraman zituzten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako erietxeetara; ZIUn 61 lagun daude gaur gaurkoz. Nafarroan, berriz, lau ospitaleratu berri izan zituzten, horietatik bi ZIUn.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide