Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak duela gutxi kaleratu ditu atzo, astelehena, Azkoitian egindako PCR eta antigeno testetan atzemandako kasu positiboak jakinarazten dituen txostena. Dokumentuaren arabera, Azkoitian bederatzi positibo zenbatu zituzten, eta hori horrela, hazi egin dira berriz ere kasuak azken egunekin alderatuta. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak, halere, behera egin du puntu batzuk. 767,75ekoa zen atzo tasa, eta gaur 759,41ekoa da.
Eskualdean, berriz, 34 positibo zenbatu dituzte azken orduetan. Zarautzen izan dituzte positibo gehien: hamabost kasu detektatu dituzte han, baina intzidentzia tasak behera egin du zertxobait, eta 749,56an kokatu da. Hala eta guztiz ere, eremu gorrian jarraitzen dute.
Azpeitian, berriz, sei izan dira detektatutako kasu positiboak, eta intzidentzia tasak gora egin du, 795,01era arte. Zumaian bi positibo detektatu dituzte, eta 1027,78ko tasarekin eremu gorrian jarraitzen dute han, Azpeitian bezalaxe.
Getarian —848,06— eta Zestoan —898,82— positibo bana zenbatu da azken orduetan. Aian —503,78—, Aizarnazabalen —130,04—, Beizaman —806,45— eta Orion —913,24 tasarekin eremu gorrian—, aldiz, ez dute kasu positiborik detektatu atzo egindako progetan.
1.113 kasu Hegoaldean
Hego Euskal Herrian 11.631 proga egin zituzten atzo, eta horietatik 1.113 positiboak izan ziren. Araban 110 detektatu zituzten, Bizkaian 476, Gipuzkoan 300 eta bizitokia beste toki batean duten pertsonen artean beste hogei positibo. Erietxeen egoerari dagokionez, atzo koronabirusak jotako 56 lagun gehiago ospitaleratu zituzten Osakidetzaren mendeko ospitaleetan. Gaur gaurkoz, 240 pertsona daude ospitaleratuta COVID-19aren ondorioz, horietatik 63 ZIUetan –herenegun baino hiru gehiago–.
Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuak azaldu duenez, datuak "kezkagarriak" dira oraindik, baina aitortu du badela baikortasunerako motiborik, kasuen intzidentzia metatuan igartzen ari den beherakadarengatik. Oraindik "goiz" dela aitortu du joera aldaketa bat gertatzen ari ote den baieztatzeko. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak beheranzko joeran jarraitzen du, eta gaur-gaurkoz 839,79koa da tasa. Oinarrrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea, bestalde, 0,89koa da hiru lurralde horietan.