Gutuna

Azkoitiko San Jose egoitzaren egoera salatuz

Azkoitiko EH Bildu eta Azkoitia Bai 2021ko uzt. 31a, 09:12

San Jose egoitza.

San Jose egoitzako egoiliarren senide talde batekin hainbat bilera zein hizketaldi egin, eta egoitzako lizitazio agiriak aztertu ondoren, Azkoitia Bai eta Azkoitiko EH Bilduk Gipuzkoako Foru Aldundira eta Kabiara ondorengo gutuna helaraztea erabaki dugu. San Jose egoitzaren egoera azaltzeaz gain, hainbat eskaera egin ditugu. Dagoeneko jaso dugu Elena Basagoiti Kabiako zuzendariaren erantzuna, gure eskaerak aztertuko dituztela esanez eta eskaerez hitz egiteko bilera batera deituko gaituztela adieraziz. Momentuz, Foru Aldundiaren erantzunik ez dugu jaso. 

Azaldu nahi dugu, urtarrilean udaletxean egin zen bilera batean hasi zela prozesua. Bilera hartan, egoiliarren senide talde batek eta herriko talde politiko guztiok parte hartu genuen. Gaia hainbat aldiz landu ondoren, bai udaletxeko batzordeetan eta bai senideekin, idatzi hau bidaltzea erabaki dugu. Nola ez, idatzia bidali eta publiko egin aurretik, EAJ eta PSE-EE udal taldeekin ere partekatu genuen. Idatzian parte hartzera gonbidatuak izan ziren, erantzuna ezezkoa izan zen arren.

Jarraian Foru Aldundira zein Kabiara luzatu dugun gutuna duzue irakurgai:

Jaun/Andrea:

Ez da gure nahia idatzi hau prestatzea. Nahiz eta azken boladan eskatutako zenbait eskaera zuzentzen hasiak diren, beste ahalegin asko nahiko antzuak izan dira eta zuengana zuzentzea beste erremediorik ez dugu ikusi.

Azkoitia Bai herri plataforma eta Azkoitiko EH Bildu talde politikoen izenean idazten dizuegu, egoiliarren senideek eta guk geuk detektatu ditugun hainbat oker zuzentzeko eskatuz. Senideek beraiek ere hainbat aldiz zuzendu dituzte kexa hauek egoitzan bertan, baina aurretik azaldu dugun moduan, ahalegin batzuk antzuak izan dira; beraz, gugana jotzea beste aukerarik ez dute izan.

Udaletxean aurrez emandako pausoen berri emateko, bi akta bideratzen dizkizuegu. Gure ustez, bi akta horietan bi arazo mota daude; alde batetik, berehala zuzendu beharrekoak, eta bestetik, epe ertainera egoiliarren ongizatea hobetzeko hartu beharreko erabakiak.

Bestalde, Kabiaren lizitazio prozesua aztertzen aritu gara, eta hortik ateratako hiru puntu nabarmentzea nahi genuke. Gainera, aurten, 2021aren amaieran, lehen bi urteetako kontratua amaituko da, eta hori baliatuz, kontratuarekin jarraitzeko lizitazioan zehazten diren puntu hauek enpresa kontratatuari gogoraraztea beharrezkoa dela ikusten dugu.

Alde batetik, B gutun-azalean ikusi dugu lizitazioko prozesuan lizitatzaileek instalazioen mantenu plan bat entregatu behar zutela, eta kontratistaren gain geratzen zirela bertako mantenu lanak, besteak beste, garbiketa lanak eta instalazio guztien arauzko mantenu lanak. Lizitazioko agiri teknikoetan ere ageri da Kabiari elementu bat birjartzea kontratistak proposatu ahalko diola, beti ere haren konponketa kostuek edo urte batean zehar izan dituen matxurek elementuaren merkatu-balioaren %80a gainditzen badute. Beraz, aurrerago xehetasun handiagoz azalduko dugun moduan, ez dugu ulertzen zergatik dauden egoitzako hainbat instalazio hain egoera penagarrian –toldoa matxuratuta pare bat urtez, terraza egoera zikinean…–.

Bestalde, agiri teknikoetan ikusi dugunez, fisioterapia zerbitzua aztertzeko gaitzat katalogatu zenuten duela bi urte. Honela dio uztailaren 5ean Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen ebazpenak: "Arreta fisioterapeutikoaren tipologia batzuen dedikazioa areagotuz, eta azken hori adinekoentzako egoitza-zentroetan nahitaez hornitu beharrekoa bihurtuz". Hori kontuan izanda, eta jakinaren gainean egonda hainbat egoiliarren senidek eskatutako zerbitzua ere badela, San Jose egoitzan zerbitzu hori ahalik eta azkarren martxan jartzea eskatu nahi diogu Biharkori.

Azkenik, telefono eta Internet zerbitzuen atalean, erabiltzaileek Interneta zein wifia erabiltzeko aukera izango dutela zehazten da; familiartekoek ezingo dutela erabili ere zehazten da. Hurrengo agirietara begira hori zuzentzeko eskatzen dugu, ez baitauka zentzurik senideek beraien bisitetan wifia erabiltzeko aukerarik ez izateak. Egoiliarren ehuneko handi bat, duen adinagatik eta ezagutzagatik, ez da gai bakarrik Interneta erabiltzeko. Horregatik, uste dugu garrantzitsua dela senideek erabiltzeko aukera izatea, bisitan joaten direnean egoiliarrei Internetak ematen dituen aukerez gozatzen lagundu ahal izateko. Puntu horri buruz esan beharra dugu, dagoeneko bi urte pasatu direla agiri horiek publikatu zirenetik, eta gutxienez urtebetez eskean jardun ostean, duela hilabete gutxi jarri dutela martxan –gaur egun oraindik ez dakigu zehazki wifia egoitza guztian dagoen erabilgarri edo ez–.

Jarraian, zuzentzeko garrantzitsuenak ikusten ditugun puntuak zehatzago eta argazkiekin azalduko dizkizuegu:

Berehala zuzendu beharrekoekin hasiko gara. 2021eko otsailaren 10eko aktaren bigarren puntua irakurri baduzue, ikusiko zenuten senideek aurkeztutako kexei zein iradokizunei eman zaien erantzuna kurtsiban idatzi dela.

  • Toldoak, eguzkitakoa eta karpa: sarrera ondoan dagoena hiru urte egon da puskatuta, kendu duten arte. Urtero zerbait erosten dute, baina segituan puskatu egiten da, apirilean kontaktuan jarriko gara jakiteko zer egin behar duten. Dena den, norbaitek ekarpenik badu, ongietorria izango da.

Batzordekideek adierazi dute apirilean harremanetan jartzea berandu dela, eta adostu da kontatu horiek egiten hastea proposatzea, eguraldi onak hasten direnerako konponduta egon dadin; izan ere, Aste Santutik aurrera ere giro ona egiten du. Horrez gain, zerbait finkoa izatea komeni da.

Argazkian ikus daitekeen bezalako bi eguzkitako jarri dituzte maiatzean, baina haize bolada bat egokitu bezain pronto, bat erori eta arriskua ekiditeko biak kendu zituzten egun gutxi barru.

Berriro ere jarri omen dituzte, baina egia esan ez dute fidagarritasun handirik ematen, eta eskari bera egiten jarraitu beharko dugu. Uda bertan dugu, eta egoiliarrek itzaletan egoteko tokia seguruak behar dituzte.

  • Askotan itoginak egoten dira. Komentatuko du.

Eraikinak baldintza onetan egon beharko luke beti, eraikin osoaren mantenua bermatuz.

  • Asteburuetan ez dago sarrera-irteerak kontrolatzeko inor, eta noiz edo noiz aldapan behera egoiliarrak topatu dituzte. Errefortzatu omen da.

Zinegotzi batek komentatu du asteburuan joan zela egoitzara, eta sarrera-irteera libre zegoela. Batzordekide batzuei ere gertatu omen zaie antzekoa aurreko hilabeteetan.

Hori entzun ondoren, Gizarte Zerbitzuetako ardura duen zinegotziak berriro galdetu zuen, eta errefortzu hori ordutegi zehatz batean zutela jarrita erantzun zioten, 10:30etik 13:30era eta 17:00etatik 18:00etara. Halere, sarrera libre aurkitu zuten ordutegi horretan.

Azkoitian 1.000tik gorako COVID-19aren inzidentzia tasa izan dugula kontutan hartuta, eta eremu gorrian denbora gehien daraman herria izanik, iruditzen zaigu bertako egoiliarrentzat oso arriskutsua dela. Berehala zuzentzea eskatzen dugu, arriskua ekiditeko hartu behar diren neurriak hartuta eta ez ordutegi zehatz batean soilik, une oro baizik.

Epe ertainera begira ere gure herritarren bizi kalitatea, eta beraz, zerbitzua hobetzeko erabaki batzuk hartu beharra ere ikusten dugu.

  • Fisioterapeuta ez dagoela esaten dute, eta beharrezkoa ikusten dute, masajeak eta abar egiteko. Gimnasia egiteko aparatuak gelaren batean ikusi zituzten. Agirietan ez zen agertzen, baina egoitza desberdinetarako fisioterapeuta bat kontratatzea aztertzen hari dira.
  • 20:00 oheratzen dituzte, eta hamabi ordu baino gehiago egoten dira askotan ohean. Egia da goiz oheratzen dituztela, baina gauean zehar postura aldaketak egiten dizkiete. Goizetan, lehentasunen arabera jaikitzen dituzte.

Bi puntu horiei irtenbidea emateko, profesional gehiagoren beharra dagoela deritzogu, eta lehenago ezin bada, hurrengo esleipenean kontuan hartzeko gomendioa luzatzen diogu Aldundiari; fisioterapeutaren beharra dagoeneko Aldunditik detektatuta dagoelako, eta ohean hainbeste ordu egon nahi ez duten egoiliarren arazoa ere larria delako. Esan beharra dago, ez dagoela kexarik egoiliarrekin tratu zuzena duten langileen inguruan, eta duten denbora kontutan hartuta, oso lan ona egiten dutela luzatu digutela senideek.

Egoitza kudeatzen duten pertsonekin ere izugarrizko mesfidantza dagoela garbi utzi ziguten, eta egia esan, geuk ere jasan behar izan dugu. Alde batetik, eman dizkiguten erantzunek ez zutelako bat egiten gero aztertu dugunarekin, eta bestetik, galdera berdinari desberdin erantzun diotelako. Oposizioa egoitzari buruz hainbat datu eskatzen saiatu denean, zuzenean Kabiara zuzentzeko eskatu digu zuzendaritzak, zuzenean beraiek erantzuteko datuak eskatzen genituenean.

Besterik gabe, zuen erantzunaren zain gelditzen gara.

Gure azalpenak ulertuko dituzuelakoan, agur.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide