Erdira jaitsi dira astebetean zenbatutako positiboak

Maria Maya eta Ihintza Elustondo 2021ko uzt. 30a, 12:51

Atzo bi positibo zenbatu zituzten Azkoitian. Aste osoan, 35 kasu baieztatu dituzte guztira; 75 atzeman zituzten duela astebete. Zertxobait behera egin du intzidentzia tasak: 917,97koa da zifra hori gaur-gaurkoz, eta 1.143,29koa zen joan zen ostiralean.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak kaleratu berri dituen datuen arabera, egoerak zertxobait hobera egin du Azkoitian. Izan ere, bi positibo zenbatu zituzten atzo herrian, eta hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak behera egin du: 1.143,29koa zen zifra hori duela astebete, eta 917,97koa da gaur-gaurkoz. Azken zazpi egunetan, 35 kasu baieztatu dituzte guztira, joan zen astekoen erdiak; 75 atzeman zituzten orduan. Oraindik eremu gorrian jarraitzen du Azkoitiak, baina beheranzko joera hartu du positiboen kopuruak.

Urola Kosta eskualdeari dagokionez, atzo 31 koronabirus kasu hauteman zituzten, herenegun baino 24 gutxiago. Kasu kopuruak behera egin du nabarmen, baina 5.000 biztanletik gorako zenbait herritan gora egin du intzidentzia tasak, hala nola, Azpeitian eta Orion. Azpeitian sei kasu zenbatu zituzten atzo, eta 762,16tik 775,30era igo da kasu metatuen tasa; Orion, berriz, bi izan dira hautemandako kasuak, eta 945,86tik 978,47ra igo da tasa.

Zarautzen zertxobait behera egin du tasak, 839,51tik 818,08ra, baina herri horretan zenbatu dute kasu kopuru altuena; 11, hain zuzen. Bost kasu positibo detektatu zituzten, bestalde, Zumaian; 30 puntu jaitsi da herri horretan intzidentzia tasa azken datuekin, baina Urola Kostako herrietatik bertan dute egoera okerrena, 1.160,07koa baita tasa. 

Aian eta Getarian, hiru eta bi kasu hauteman zituzten atzo, hurrenez hurren. Aian 503,78koa da kasu metatuen tasa, eta Getarian, 883,39koa. Aizarnazabalen, Beizaman, Errezilen eta Zestoan, bestalde, ez zuten kasu bat bera ere atzeman atzo. Aizarnazabalen 130,04ean dute tasa eta Zestoan 898,82an; Beizaman eta Errezilen, berriz, hutsean mantentzen dute. 

Positiboek zertxobait behera, ospitaleratzeek gora

Hego Euskal Herrian egindako 14.551 PCR eta antigeno probetatik 1.696k izan zuten emaitza positiboa –1.980 ziren herenegun–. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan %11koa da positibotasun tasa, eta Nafarroan, berriz, %13,9koa. Lurraldez lurralde, Bizkaian (776) zenbatu zuten kasu kopuru altuena, eta, ondoren, Gipuzkoan (388), Nafarroan (381) eta Araban (131). Lurralde horietatik kanpo bizi direnen artean hogei kasu positibo hauteman zituzten, Osakidetzak emandako datuen arabera. 

Ospitaleetako egoerari dagokionez, 243 lagun daude izurritearen eraginez Osakidetzaren mendeko erietxeetan. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, 55 pertsona ospitaleratu zituzten atzo, herenegun baino hamabi gehiago. Zaintza bereziak behar dituzten pertsonak, berriz, 62 dira hiru lurralde horietan. 

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide