Hiru kirol eta erronka bat

Julen Otaegi Leonet 2021ko uzt. 30a, 09:39

Oier Azpeitia, Triatloia Maite Dut egitasmoko triatloi batean. (Utzitakoa)

Triatloia Maite Dut egitasmoak hamar urte bete ditu aurten, eta, ospatzeko, 18 astetan triatleta jarduera antolatu dute. Gazteak ekainean hasi ziren entrenatzen; triatloia urriaren 9an dute.

Triatloia Maite Dut egitasmoak ez du ibilbide motza egin orain arte. Arazi eta Fitgüne enpresek indarrak batu zituzten duela hamar urte, eta orduan egin zuten lehenengo saioa —besteak beste, Kutxa fundazioaren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntza dauka proiektuak, eta laguntzailea da BERRIA ere—. Urtero-urtero, gazteen artean kirola sustatzeko hainbat ekintza bultzatu dituzte: triatloi probak, udalekuak… Guztira, 1.300 gaztek baino gehiagok parte hartzen dute urte guztiko jardueretan.

Aurten, gainera, hamar urte beteta, erronka berezi batean murgilduta dabiltza gazteak: 18 astetan triatleta du izena. Gazteak igeri egiten, bizikletan ibiltzen eta korrika egiten hastea da helburua. Antolatzaileek azpimarratu dute “edonork” egin dezakeela triatloi bat hemezortzi asteren buruan astez asteko entrenamenduak errespetatuz gero.

Jada ehun gazte baino gehiago parte hartzen ari dira 18 astetan triatleta jardueran. Lagunartean, familian zein bakarka, Hego Euskal Herriko 38 herritako gazteek bat egin dute egitasmoarekin. Badira triatloia edo kirolen bat egitera ohituta daudenak, baina baita ohiturarik ez daukatenak ere. Ekainaren 7an ekin zioten prestaketari, eta urriaren 9an Lekeition (Bizkaia) esprint mailako triatloi bat egitea da helburua: 750 metro igeri, hogei kilometro bizikletan eta bost kilometro lasterka. Hektor Llanos gasteiztarra ari da entrenatzaile lanetan

Kepa Goenaga azkoitiarra, esaterako, erronkan parte hartzen ari da. Kuadrillako beste bi lagunekin eman zuen izena, haietako batek egitasmoaren berri eman zienean. "Atentzioa eman zigun, hutsetik entrenatzen has gintezkeelako. Kirola egiten dugu eta sasoiko gaude, baina triatloia gogorra da. Erronka gisa hartu genuen". Goenagak eta haren lagunek triatloiarekin duten esperientzia "hutsaren hurrengoa" da, nahiz eta korrika, bizikletan eta tenisean aritzen diren.

Jarraitu erreportajea irakurtzen Gipuzkoa.hitza.eus webgunean.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide