Urtero bezala, aurten ere tonbola jarriko du Caritasek, eta zapatuan 12:00etan irekiko dute lehen aldiz. Azken urteetan postua jarri izan duten toki berean zabalduko dute tonbola aurten ere. Datorren asteburuan –uztailak 31 eta abuztuak 1– irekita egongo da tonbola hainbat ordutan, baita hurrengo asteburuan ere –abuztuak 7 eta 8–. Egun horietan guztietan 12:00etatik 14:00etara eta 18:30etik 22:00etara egongo da irekita tonbola.
Abuztuaren 14tik 17ra bitartean ere irekiko dute tonbola, baina ordutegia desberdina izango da egun horietan. 11:30etik 14:30era bitartean egongo da zabalik goiz partean, eta arratsaldean 18:00etatik gauerdira bitartean.
Tonbolan txartel bakoitza euroan salduko dute. Txartelak erosten dituztenei edota sariak jasotzera joaten diren herritarrei "ingurukoak errespetatzeko" eta "segurtasun distantzia zaintzeko" gomendioa egin die Caritasek. Era berean, txartelak lurrera ez botatzeko eskatu dute. Antolatzaileek herritarrei tonbolan parte hartzeko deia egin diete, "besteei laguntzeko modu bat" dela adierazita.