Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, sei kasu positibo baieztatu zituzten atzo, astelehena, Azkoitian egindako PCR eta antigeno testetan. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak gutxi, baina gora egin du berriz ere azken positiboen ondoren: 1.151,63koa zen atzo, eta gaur 1.159,98ra igo da.
Urola Kosta eskualdean, bestalde, 60 kasu atzeman dituzte. 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri guztiak eremu gorriaren barruan daude, eta Zumaia izan ezik, gainerako herrietako intzidentzia tasak gora egin du. Eskualdeko kasuen herena Zarautzen zenbatu zuten atzo; izan ere, hogei kasu positibo hauteman zituzten han. Intzidentzia tasak, gainera, gora egin du Zarautzen eta 852,36an kokatu da. Azpeitian, berriz, hamasei positibo baieztatu dituzte azken orduetan, eta gora egin du han ere intzidentzia tasak, 663,60tik 716,16ra.
Zumaian eta Orion, aldiz, bosna positibo detektatu zituzten atzo egindako probetan. Zumaian, hala eta guztiz ere, intzidentzia tasak behera egin du puntu batzuk, eta 1.180,42an kokatu da. Orion gutxi, baina kasu metatuen tasak gorakada izan du, 880,63an kokatzeraino. Getarian eta Zestoan, bestalde, hiruna positibo zenbatu zituzten atzo; 742,05ekoa da Getariako intzidentzia tasa eta 719,05ekoa Zestoan.
Aian eta Aizarnazabalen ere hauteman zituzten atzo positiboak, bana bi herrietan. Aian 50 puntu egin du gora intzidentzia tasak, eta 352,64an kokatu da. Aizarnabazalgo intzidentzia tasa, ostera, hutsean izatetik 130,04ra izatera igaro da. Beizaman ez dute positiborik zenbatu, ezta Errezilen ere; bigarren herri horretako intzidentzia tasa 322,06koa da, atzo bezala.
Birsorkuntza tasa, beheraka
Egunez egun behera ari da egiten positibo batek kutsa ditzakeen pertsonak zehazten dituen indizea. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizeak zehazten du hori, eta egun 1,06koa da Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan; Gipuzkoako tasa, gainera, batez bestekoaren azpitik dago, 0,98koa baita. Hiru lurralde horietako intzidentzia tasak gora egin du berriz ere, eta dagoeneko 827,4koa da.
Hego Euskal Herrian 1.512 positibo zenbatu zituzten atzo. 10.217 proba egin ondoren, 1.200 positibo detektatu zituzten Araban (121), Bizkaian (683) eta Gipuzkoan (361); hiru lurralde horietatik kanpoko beste 35 lagunek ere positibo eman zuten. Osasun Sailaren arabera, positibotasun tasa %11,7koa da. Nafarroan, berriz, 2.370 proba egin zituzten atzo, eta 312 positibo atzeman. Osasunbideak emandako datuen arabera, Nafarroako positibotasun tasa %13,2koa da.
Ospitaleen egoeraren berri ere eman dute Osakidetzak eta Osasunbideak. Osakidetzan ardurapean dauden erietxeetan 40 lagun ospitaleratu zituzten atzo, eta egun 209 pertsona daude erietxeetan, atzo baino hemezortzi gutxiago. Halere, ZIUetan dauden pertsonen kopuruak gora egin du, eta zainketa berezia behar dutenak 59 dira. Nafarroan, berriz, hemeretzi pertsona ospitaleratu zituzten atzo, eta 106 lagun daude ospitaleratuta egun. ZIUetan, ostera, hamasei lagun daude Nafarroan.