Astebetean 75 positibo zenbatuta, igotzen jarraitzen du intzidentzia tasak

Anartz Izagirre eta Ihintza Elustondo 2021ko uzt. 23a, 12:53

Atzo hamabi positibo zenbatu zituzten Azkoitian. Aste osoan, 75 kasu baieztatu dituzte guztira, joan zen astean baino hamahiru gehiago. Gaur-gaurkoz, 1.143,29koa da herriko intzidentzia tasa, eta duela astebete, 717,68koa zen zifra hori. Eremu gorrian jarraitzen du herriak.

Eusko Jaurlaritzaren Osasun Sailak emandako datuen arabera, egoerak okerrera egin du Azkoitian. Izan ere, beste hamabi positibo zenbatu zituzten atzo herrian, eta hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak ere gora egin du: 1.143,29koa da zifra hori gaur-gaurkoz. Azken zazpi egunetan, 75 kasu baieztatu dituzte guztira, joan zen astean baino hamahiru gehiago; 62 ziren orduan. Gorakada nabarmena izan da azken bi asteetan: duela astebete, 717,68koa zen intzidentzia tasa, eta duela bi aste, 208,62ekoa –eremu horian zegoen herria–. Apirilaren amaieraz geroztik ez zuen milako langa gainditu Azkoitiak, eta aste honetan igaro du zifra hori. Horrenbestez, eremu gorrian jarraitzen du herriak.

Urola Kostako herrietan ere egoerak okerrera egin duela baieztatzen dute datuek. Guztira, 73 positibo zenbatu zituzten atzo eskualdean, eta 5.000 biztanletik gorako herri guztiek eremu gorrian jarraitzen dute. Horren ondorioz, 100.000 biztanleko azken hamalau egunetako intzidentzia tasek ere goranzko joera dute herri gehienetan.

Zarautzen hauteman dituzte kasu gehien: 21. Eskualdeko herririk handienean etenik gabe goraka jarraitzen du intzidentzia tasak, eta une honetan, 818,09koa da. Bestalde, Azpeitian hamabost kasu zenbatu dituzte, eta nabarmen igo da herri horretako intzidentzia tasa. Aste honen erdialdean eremu laranjan zegoen eskualdeko 5.000 biztanletik gorako herri bakarra zen Azpeitia, baina azken egunetako datuekin eremu gorrira igaro da. Uneotan, 512,48ko tasa dute han.

Hala eta guztiz, Zumaia da herri guztietatik okerren dagoena. Hamalau kasu berri izan dira han, eta intzidentzia tasa 1.383,94ra igo da. Horrenbestez, Urola Kostako herri guztietatik tasarik altuena duen herria da Zumaia, eta oraindik ere ez du goia jo kurbak.

Orion, bestalde, sei positibo berri izan dira, eta gero eta gertuago dute milako langa; uneotan, 831,70 da tasa. Horrez gain, Getarian eta Zestoan bina kasu zenbatu dituzte, eta 742,05 eta 487,93 dira hurrenez hurren bi herri horietako tasak. Aian, berriz, positibo bat atzeman dute, eta 403,02 da tasa. Aizarnazabal, Beizama eta Errezil dira kasu berririk gabeko herri bakarrak.

Ospitaleetako presioak gora

Hego Euskal Herrian ere oraindik ez du goia jo positiboen kurbak, eta atzo egindako 15.659 PCR eta antigeno probetatik, 2.216 izan ziren emaitza positiboa izan zutenak lau lurraldeetan. Kasu gehien Bizkaian izan dira (966), eta ondoren, Gipuzkoan (564), Nafarroan (447) eta Araban (197). Positibotasun tasak ere oso altua izaten jarraitzen du; %14,1ekoa da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %14,5ekoa Nafarroan.

Ospitaleeetako presioak ere apurka-apurka gora egiten jarraitzen du. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 229 dira ospitaleetan dauden eriak, eta horietatik 50 daude ZIUetan. Nafarroan, aldiz, 79 pertsona daude ospitaleratuta, eta hamalau dira ZIUetan daudenak. Gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea jaitsi egin da, eta 1,27koa da gaur. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak, aldiz, 48 puntu egin du gora, eta egun 731,10ekoa da.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide