Hamar positibotik gora, hirugarren egunez jarraian

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 22a, 12:49

Hamahiru positibo zenbatu zituzten atzo herrian. Intzidentzia tasak gora egiten jarraitzen du, nola herrian hala Araba, Bizkai eta Gipuzkoan. Labi batzordea arratsaldean elkartuko da datozen asteetara begirako neurri berriak iragartzeko.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu berri duen txostenaren arabera, Azkoitian atzo, asteazkena, hamahiru kasu positibo hauteman zituzten PCR eta antigeno probetan. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasa 1.076,53koa da gaur-gaurkoz herrian. Azken astean 80 positibo zenbatu dituzte Azkoitian, eta horiek intzidentzia tasaren gorakada ekarri dute berriz ere.

Urola Kosta eskualdean, bestalde, guztira 61 positibo baieztatu zituzten atzo egindako probetan. Azkoitian bezala, Zumaian ere hamahiru positibo atzeman zituzten atzo, eta eskualdeko intzidentzia tasa handiena dute han 1.292,36koa zenbatekoarekin. Zarautzen ere eremu gorrian jarraitzen dute 745,28ko tasarekin; izan ere, han 11 positibo hauteman zituzten atzo.

Azpeitia zen atzora arte eremu gorritik kanpo zegoen 5.000 biztanletik gorako eskualdeko herri bakarra, baina dagoeneko eremu gorrian sartu dira han ere. Hamar positibo zenbatu zituzten atzo egindako probetan, eta 413,93ko intzidentzia tasa dute. Orion, berriz, bederatzi positibo baieztatu zituzten, eta 766,47ko intzidentzia tasa duten han. Getarian eta Zestoan ere detektatu dituzte positiboak; Getarian hiru positibo zenbatu zituzten, eta bi Zestoan. 671,38ko eta 436,57ko intzidentzia tasak dituzte bi herrietan, hurrenez hurren. Aian –352,64–, Aizarnazabalen –130,04–, Beizaman –zero– eta Errezilen –322,06– ez zuten positiborik hauteman atzo.

2.200 positibotik gora

Hego Euskal Herrian egun bakar batean pandemia zehar zenbatutako positibo kopuru handiena zenbatu zuten atzo. Hain zuzen ere, 2.235 positibo baieztatu zituzten atzo. Bizkaian atzeman zituzten positibo gehien: 1.078. Gipuzkoan 482 positibo zenbatu zituzten, 434 Nafarroan eta 204 Araban. Lurralde horietatik kanpo bizi diren lagunen artean beste 37 positibo detektatu zituzten. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako positibotasun tasa, gaur-gaurkoz, %13,7koa da, eta %13,6koa da Nafarroakoa.

Ospitaleen egoeraren berri ere eman dute Osasun Sailak eta Osasunbideak. Atzo 29 pertsona ospitaleratu zituzten Osakidetzaren mendeko erietxeetan, eta gaur-gaurkoz, 172 pertsona daude ospitaleratuta, herenegun baino hamazazpi gutxiago. ZIUetan, berriz, 48 lagun daude, atzo baino hiru gehiago. Nafarroako ospitaleetan, ostera, atzo bederatzi pertsona ingresatu zituzten, eta egun 72 lagun daude erietxeetan. ZIUetan dauden herritarrak, berriz, hamabi dira. 

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak, bestalde, 52 puntu egin du gora , eta dagoeneko 682,64koa da zenbatekoa; eremu gorrian egonik ere, tasak gora egiten jarraitzen du etenik gabe. Gaixotasunaren birsorkuntza tasa zehazten duen R0 indizea, ostera, 1,30koa da orain hiru lurralde horietan –atzoko zenbateko bera–. Labi batzordea arratsaldean bilduko da, eta orduan jakinaraziko ditu zein neurri hartuko dituen COVID-19ak eragindako osasun egoerak hobera egin dezan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide