11 dantzari bikotek parte hartuko dute igandean Bikote Gazteen Dantza Suelto Txapelketan

Nerea Uranga 2021ko uzt. 23a, 08:45

Igandean, uztailaren 25ean, izango da dantza suelto txapelketa, 19:30ean, Balda plazan. 16 urtetik beherako dantzariek parte hartuko dute, denak gipuzkoarrak.

Azkoitiko Udalak uztailerako antolatutako egitarau bereziaren barruan jokatuko dute igandean, uztailaren 25ean, Bikote Gazteen Dantza Suelto Txapelketa, 19:30ean hasita, Balda plazan. 16 urtetik beherako 11 dantzari bikotek parte hartuko dute eta Azkoitiko txistulariek jotako piezak dantzatu beharko dituzte. Epaimahaia, berriz, Euskal Dantzarien Biltzarreko hiru kidek osatuko dute, hala nola Estela Atorrasagastik, Gabriel Alonsok eta Idoia Besadak. Txapeldunak erabakitzeko orduan kontuan hartuko dituzte dantzarien pausoak, goialdea-mugimendua, alderdi artistikoa eta erritmoa.

Honako dantzari bikoteak ariko dira txapelketan:

  • Arrate Goikoetxea eta Joanes Zubia (Ibarra).
  • Ane Anuariz eta Mikel Esnaola (Lezo).
  • Jone Arriaran eta Eki Aizpuru (Azpeitia).
  • Nora Aizpuru eta Iker Zabala (Azpeitia).
  • Amaiur Otegi eta Ugaitz Ribera (Bidania-Lezo)
  • Ane Jaunarena eta Endika Osa (Lezo).
  • Leire Urrestilla eta Iker Urrestilla (Zestoa).
  • Malen Arrizabalaga eta Enaitz Segurola (Azpeitia).
  • Alaitz Elorza eta Aner Elorza (Azpeitia).
  • Enara Artola eta Danel Castillo (Lezo-Pasaia Donibane).
  • Jare Labaka eta June Izagirre (Azpeitia).

Sariei dagokionez, bikote txapeldunak 180 euro, garaikurra, txapela eta zapia jasoko ditu sari gisa. Bigarren egiten duen bikoteak, berriz, 160 euro eta garaikurra eskuratuko ditu, eta hirugarren sailkatuak 150 euro eta garaikurra. Gainontzeko dantzari bikoteek 110na euro jasoko dituzte dirulaguntza gisa.

Dantza txapelketa ikusteko sarrera doakoa da, baina maskara jantzita eramatea derrigorrezkoa izango da, Azkoitiko Udalak zehaztu duenez. Igandean eguraldi txarra egingo balu, dantza suelto txapelketa Elkargunera lekualdatuko dute.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide