Asteburu honetan amaituko dira Azkoitiko Udalak uztailerako antolatutako kultur ekitaldiak. Filmen emanaldiaz gain, musika izango da datozen egunetan herriko protagonista. Hain zuzen ere, Ane eta Nora Agirre ahizpa bikiek osatzen duten Biren taldeak kontzertua eskainiko du datorren ostiralean 20:00etan, Balda plazan.
Abesti propioak nahiz beste abeslarien eta taldeen bertsioak aurkeztuko ditu bikoteak Azkoitian. Bizitzako gauzei buruz hausnartu ondoren, horiek idatziz jasotzeko ohitura du bikoteak, eta beren kantak hausnarketa horietatik garatzen dituzte. Ondarroarrek Bizkaiko Kantu Txapelketa irabazi eta Euskal Herrikoan Txapelketan hirugarren postua erdietsi ostean sortu zuten Biren taldearen proiektua.
Udalak gune bat egokituko du Balda plazan kontzerturako, eta gune horren barruan nahitaezkoa izango da egungo osasun neurriak errespetatzea. Besteak beste, maskara une oro jantzita izan beharko da, eta segurtasun distantzia ere kontuan hartu beharko da. Euria egiten badu, taldearen emanaldia Elkargunean izango da.
Igandea izango da kultur ekintzen azken eguna. Goizean, 11:00etan hasita, Udal Musika Bandak kalejira egingo du plazarik plaza. Arratsaldean, 19:30ean, Gazteen Dantza Suelto Txapelketa izango da Balda plazan.