Hego Euskal Herrian 1.346 lagunek eman dute positibo azken orduetan

Julene Frantzesena 2021ko uzt. 18a, 12:45

Arabako, Bizkaiako eta Gipuzkoako positibotasun tasa %11,4 da; aldiz, %13,4 Nafarroakoa. Bizkaian atzeman dituzte positibo gehien (512), baina Gipuzkoak eta Nafarroak 300 kasuren langa gainditu dute. Herenegun baino lagun gehiago daude ZIUetan ospitaleratuta.

1.346 positibo. Osakidetzak eta Osasunbideak positibo kopuru hori atzeman zuten atzo, larunbata, Hego Euskal Herrian. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, orotara, 8.890 PCR eta antigeno proba gauzatu zituzten, eta horietan 1.011 lagunek eman zuten positibo; hau da, positibotasun tasa %11,4 da hiru lurralde horietan. Nafarroan, berriz, 2.503 proba gauzatu eta 335 positibo detektatu zituzten –%13,4 da hango positibotasun tasa–.

Bizkaian atzeman dituzte positibo gehien (512), baina Gipuzkoak eta Nafarroak 300 kasuren langa gainditu dute: zehazki, 340 eta 335 kasu detektatu dituzte bi lurralde horietan. Araban, berriz, 137 lagunek eman dute positibo, eta gainera, bizitokia Hego Euskal Herritik kanpo duten 22 lagunek ere bai.

Herenegun baino zerbait apalagoak dira datuak –herenegun 1.668 positibo zenbatu zituzten Hego Euskal Herrian–, baina hala ere, atzemandako positiboen kopurua oso altua da. Dena den, ospitaleetako egoerak pixka bat okerrera egin du azken orduetan: Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako ospitaleetan 31 lagun ospitaleratu zituzten atzo, eta gaur-gaurkoz, 34 lagun daude ZIUetan –herenegun baino hiru gehiago–. Nafarroan, berriz, 54 lagun daude lurraldeko erietxeetan ospitaleratuta, eta horietatik 12 daude ZIUetan.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide