Azkoitiko Udalak jakinarazi du espero zen berria. Aurten ere udalak ez du andramaixetako ekintzarik antolatuko. Honela eman du Javier Zubizarreta alkateak berria: "Bosgarren olatua deritzan honetan, egoerak okerrera egin du eta di-da batean egin dugu jauzi, berdetik gorrira. Tamalez, aurten ere ez da baldintzarik ematen andramaixek ospatzeko. Maite ditugu herriko festak, maite ditugu oporrak, maite dugu lagunartea, baina adi ibili beharrean gaude, eta horrek gustukoen ditugun ohiturak alde batera uztea dakar".
Udalak adierazi duenez, alderdi guztiak ordezkatuta dauden Aisialdia batzordean hartu du Azkoitiko Udalak andramaixek bertan behera uzteko erabakia. Udalak ez du festarik antolatuko, ezta "festarako grina eragin dezakeen bestelako ekitaldirik" ere. "Birusa hedatzen lagun dezakeen guztia saihesten ahaleginduko gara abuztuan".
Herriko osasun egoeraren inguruan ere hitzegin nahi izan du alkateak. Ekainaren 16an atera zen Azkoitia eremu gorritik eta ekainaren amaieran, eremu berdean zegoen herria. Orain, berriz ere eremu gorrian sartu da herria. "Lasaitu egin gara, eta atzeraka goaz. Egoera ez da txantxetakoa. Denok ikusten dugu zer ari den gertatzen hemen eta beste toki guztietan. Dramatismorik ez diot nik erantsiko, baina zentzudun jokatzen jarraitu beharra daukagu. Eszenatoki honetan, festek ez dute inolako tokirik".
Udalak "erantzunkizunari dei egin beharrean" aurkitzen direla nabarmendu du. "Ea sanandresak beste era batera bizitzeko aukera izaten dugun".