Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak kaleratu du aste honetako koronabirusaren datuen inguruko herriz herrikako azken txostena, eta haren arabera, Azkoitian hamazazpi positibo atzeman dituzte atzo, osteguna, egindako PCR eta antigeno probetan. Azken astebetean positibo kopuruak nabarmen egin du gora Azkoitian, eta ondorioz, baita intzidentzia tasak ere; joan den ostiraletik atzo arte 62 positibo detektatu zituzten Azkoitian –24 positibo aurreko astean–. Horrenbestez, azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko kasu metatuen tasa edo intzidentzia tasa hiruzkoiztu baino gehiago egin da herrian. 208,62koa zen joan den astean, eta 717,68koa da egun; eremu horitik gorrira pasatu da, beraz.
Urola Kosta eskualdean, bestalde, 48 positibo atzeman zituzten atzo. Herenegun baino kasu gutxiago dira —62 izan ziren orduan—; halere, eskualdeko herrietako intzidentzia tasek gora egiten jarraitzen dute. Zarautzen hamasei positibo detektatu dituzte, eta intzidentzia tasa 462,49tik 513,98ra igota, eremu gorrian jarraitzen du herriak.
Bestalde, Zumaian zortzi kasu hauteman zituzten atzo, eta uneotan 1.119,37ko tasarekin Urola Kostako intzidentziarik altuena duen herria da. Azpeitian, bestalde, lau izan ziren probetan positibo emandakoak, eta intzidentzia tasak zertxobait gora egin du; une honetan, 308,80koa da tasa, eta eremu laranjan dagoen eskualdeko herri bakarra da.
Positiboak atzeman dituzten beste herria Aia izan da. Bi kasu izan ziren atzo han, eta 352,64koa da tasa. Gainontzeko herrietan, berriz, ez da kasu berririk izan, eta honakoak dira herri horietako intzidentzia tasak: Aizarnazabalen 390,12, Beizaman hutsa, Getarian 282,69, Orion 407,70 eta Zestoan 282,49.
Ospitaleetako presioa, gora
Hego Euskal Herrian ere egoerak okerrera egiten jarraitzen du. Atzo, guztira, 15.872 PCR eta antigeno test egin zituzten lau lurraldeetan, eta horietatik 1.967 izan ziren positibo eman zutenak. Lurraldez lurralde, Bizkaian atzeman zituzten kasurik gehien (672), eta ondoren, Nafarroan (622), Gipuzkoan (482) eta Araban (163). Positibotasun tasari dagokionez, %11,3 da Araba, Bizkai eta Gipuzkoan; Nafarroan, berriz, %15,6.
Ospitaleetako presioak ere nabarmen egin du okerrera. Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 157 pertsona daude erietxeetan, eta horietatik 31 dira ZIUetan daudenak. Nafarroan, berriz, 40 pertsona daude ospitaleratuta, eta horietatik hamar daude ZIUetan. Oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizeak gora egiten jarraitzen du, 1,41ekoa da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa, berriz, 458,24koa da egun.