Positiboek eta intzidentzia tasak nabarmen egin dute gora Azkoitian azken orduetan

Maria Maya Manterola 2021ko uzt. 15a, 13:04

Intzidentzia tasa 500dik gorakoa da dagoeneko Azkoitian. Araba, Bizkai eta Gipuzkoa ere eremu gorrian sartu dira, 415,55eko tasarekin.  

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, Azkoitian atzo hogei positibo atzeman zituzten PCR eta antigeno testetan. Positiboak egunez egun gora egiten ari dira herrian, eta atzo detektatutako hogei positiboekin 49 dira azken zazpi egunetan baieztatutako kasuak. Azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko intzidentzia tasak ere gora egin du Azkoitian, eta 500eko langa gainditu eta 600ekora gerturatu da. Hain zuzen ere, 584,16koa da intzidentzia tasa herrian.

Urola Kosta eskualdean, bestalde, 62 kasu positibo hauteman zituzten atzo, herenegun baino hamabi gehiago. Lau positibo gehiagorekin, eremu gorrian sartu da Orio, eta 407,70eko intzidentzia tasa dute bertan. Eremu gorrian jarraitzen dute, Orio eta Azkoitiarekin batera, Zarautzek –hamalau kasu hauteman dituzte eta 462,49ra igo da tasa– eta Zumaiak. Eskualdeko herri guztietan Zumaiak du egoera okerrena: beste bederatzi kasu positibo detektatu dituzte, eta 1.048,13ko intzidentzia tasa dute.

Eremu laranjan sartu da, bestalde, Azpeitia; bederatzi positibo gehiago hautemanda, 302,23ra igo da intzidentzia tasa. Gainerako kasuak Getarian (2) eta Zestoan (5) zenbatu dituzte, eta 282,69 eta 282,49ko intzidentzia tasak dituzte, hurrenez hurren. Aian, Aizarnazabalen, Beizaman eta Errezilen, berriz, ez dute kasu positiborik zenbatu. 

Positibotasun tasa, gora

Atzo 15.209 PCR eta antigeno proba egin zituzten Hego Euskal Herrian, eta horietatik 1.825ek izan zuten emaitza positiboa. Lurraldez lurralde, Nafarroan zenbatu dute kasu kopuru altuena (608), eta gero, Bizkaian (511), Gipuzkoan (502) eta Araban (154). Osasun Sailak eta Osasunbideak emandako datuen arabera, Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan % 10,6koa da positibotasun tasa, eta Nafarroan % 16,2koa.

Ospitaleratzeen egoeraren berri ere eman dute. Izurritearen ondorioz ospitaleratu duten gaixoen kopuruak gora egin du azken egunetan, eta gaur-gaurkoz, 98 pertsona daude Osakidetzaren mendeko erietxeetan –duela astebete 50 ziren–. Atzo 31 pertsona ospitaleratu zituzten Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. ZIUetan daudenak, berriz, 28 dira hiru lurralde horietan. Gaixotasunaren oinarrizko birsorkuntza tasa edo R0 indizea gora egiten hasi da berriz, eta 1,36koa da egun –1,31koa zen atzo–. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasa, bestalde, 415,55ekoa da egun.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide