Iban Larrañaga erremontista azkoitiarrak esku-eskuan izan zuen San Fermin Torneoko txapela janztea atzo, asteazkena. Hernaniko Galarreta pilotalekuan (Gipuzkoa) jokatu zuten finala 300 zale ingururen aurrean, eta finala emozio handikoa izan zen amaierara arte.
Larrañagak Ansa II.arekin osatu du bikotea txapelketan. Atzo, aurrean izan zituzten Urriza eta Aizpuru III.a. Txapela gorrien edo urdinen aldera erortzen zen ikusteko amaierara arte itxaron behar izan zuten zaleek; izan ere, amaieran Ansa II.ak eta Larrañagak 29 eta 28ko errenta lortu zuten markagailuan. Hala eta guztiz ere, gorriek lortu zituzten partidako azken bi tantoak, bat bi paretaz eta bestea luze jotako pilotakada batean.
Txapelak, beraz, Javier Urrizak eta Joxin Aizpuru Aizpuru III.ak jantzi zituzten atzo. Txapelketa guztian neurketarik galdu gabe zegoen bikotea, multzoko fasean Juanenea eta Barrenetxea IV.a ere mendean hartu baitzituzten. Txapelketako txapeldunordeak, berriz, Ansa II.a eta Larrañaga izan dira.