Atzo, igandea, amaitu ziren Matadeixeren 25. urteurrena ospatzeko Matadero Ekintzak taldeak antolatutako kultur ekintzak. IbonRGk eta Enrike Hurtadok oMOrruMU baMAt diskoa aurkeztu zuten. Joxan Artzeren hitzez eta espirituz elikatzen den kantu bilduma eskaini zuten Azkoitian.
IbonRGk, Hil zara diskoan irekitako bidean sakonduz, bere ahotsaz eta bere ahotsaren bazter, muga eta ehundura intimoenen esplorazioan beste aurrerapauso bat eman duela erakutsi zuen Matadeixen. Enrike Hurtadok, berriz, bere erremintez baliatuz jardun zuen Matadeixen. Berak garatutako softwareari esker, aspaldiko txalaparta baten oihartzunak eskaini zituen teklatuaren bitartez, eta mila geruzatan banatu, nahastu, findu eta aberastu zituen abeslariaren ahotsaren zerbitzura.