Aizkolarien Urrezko Kopako sailkapen saioa izango da bihar, larunbata, Donostiako Trinitate plazan, 19:30ean hasita. COVID-19ak herri kiroletako egutegian izan duen eragina tarteko, aurten ezin izan dute txapelketa ohi bezala antolatu, eta erabaki dute uneko aizkolari onenen artean "hautaketa puntual eta berezia" egitea. Horrenbestez, hamabi aizkolari ariko dira nor baino nor larunbatean, eta tartean izango da Julen Alberdi Txikia IV.a azkoitiarra. Harez gain, Aitzol Atutxa, Iñaki Azurmendi, Eloy Corchero, Mikel Larrañaga, Julen Larrea, Ugaitz Mugertza, Jexux Mari Mujika, Eneko Otaño, Jon Rekondo, Juan Rodriguez eta Iker Vicente.
Aizkolari bakoitzak 54 ontzako zazpi enbor moztuko ditu. Lehia seiko bi txandatan jokatuko dute, eta seikote bakoitza zozketa bidez aukeratuko dute. Trinitate plazan izango da aizkora saioa, eta edukiera mugatua denez, sarrerak aurrez erosi ahal izango dira online. Aldiz, prezio murriztua duten sarrerak, erretiratuenak, Donostiako Antzoki Zaharreko eta Victoria Eugenia antzokiko leihatiletan eskuratu daitezke. Bihar bertan, sarrerarik gelditzen baldin bada, Antzoki Zaharrean erosi ahal izango dira horiek; izan ere, Trinitate plazan ez dute leihatilarik jarriko.