Atzo, asteazkena, gizon batek 43 urteko emakume bat hil zuen labandakaz Murchanten (Nafarroa), eta Azkoitiko Udalak bere gaitzespenik irmoena adierazi du hilketaren aurrean. Era berean, bere elkartasuna helarazi die biktimaren senideei eta hurbilekoei.
NA-6840 errepidean izan zen hilketa. Gizon batek autoarekin jo zuen emakumearen ibilgailua, eta errepidetik aterarazita, gizona labana batekin joan zen emakumearen autora; han bertan hil zuen, bere 9 eta 5 urteko seme-alaben aurrean. Emakumea Gasteizkoa zen, baina lau urte zeramatzan Murchanten bizitzen. Hiltzaileak ihes egin zuen, eta atzotik haren bila ari dira Foruzaingoa eta Ertzaintza. Polizia iturriek jakinarazi dutenez, susmagarri nagusia Zumarragako 41 urteko gizon bat da.
Murchanten jazotakoa ez du hilketa matxista gisa ikertuko poliziak; izan ere, "familia barruko delitu" gisa sailkatu dute –Espainiako Genero Indarkeriaren Aurkako Legeak dioenez, emakumeen aurkako indarkeria genero indarkeriatzat hartuko da erasoa bikotekidearen edo bikotekide ohiaren aurkakoa denean–, hiltzailea emakumearen koinatu ohia zelako.
"Heriotzek emakumeenganako indarkeriaren arazoaren alderdi bat baino ez dute erakusten, izan ere, egoera hori emakumeen eta gizonen arteko desberdintasunean sortzen eta sostengatzen da. Emakumeenganako indarkeria era guztietan –psikologikoa, ekonomikoa, fisikoa, sexuala, bikarioa…– emakumeen duintasunaren eta segurtasun fisiko nahiz moralaren aurkako eraso larria da, eta, ondorioz, giza eskubideen urraketa larri eta onartezina", azaldu du udalak.
Udalak gogora ekarri du erakundeek nahiz euskal gizarte osoak duela erantzukizuna berdintasuna eraginkor egiteko. Zentzu horretan, azaldu du sentsibilizazio eta prebentzio ekintzak indartzen jarraitu beharra dagoela. Halaber, udalak azaldu du bat egingo duela herrian antolatzen diren gaitzespen ekimen edo elkarretaratzeekin eta herritarrak parte hartzera deitu ditu.