Igandean amaituko dira Matadeixeren 25. urteurrena ospatzeko Matadero Ekintzak taldeak antolatutako kultur ekintzak. Kontzertu eta ekintza ugari antolatu dituzte azken asteetan, baina igandean, 12:30ean, IbonRGk eta Enrike Hurtadok eskainiko duten emanaldia izango da urteurren ekintzetan azkena. Bikoteak uztailean argitaratu berri duen oMOrruMU baMAt diskoa aurkeztuko du.
Joxan Artzeren hitzez eta espirituz elikatzen da bikotearen kantu bilduma guztia. IbonRGk, Hil zara diskoan irekitako bidean sakonduz, bere ahotsaz eta bere ahotsaren bazter, muga eta ehundura intimoenen esplorazioan beste aurrerapauso bat eman du azken lanean. Disko haren antzera, abestiak euskal doinu tradizionaletan sendo sustraitzen diren arren, guztiz bereak egiten ditu berriz ere; inoiz entzundako abesti urrunak dirudite. Artzeren hitzak, argazki zaharren moduan, solteak, galduak eta elkar arteko loturarik gabe gorpuzten dira lehen uneetan. Baina berehala, esanahi eta gertaera guztiz berriak eta egungoak ukitzen dira.
Enrike Hurtadoren ekarpena ere ez da nolanahikoa, eta egiteko berari heltzen dio, hark ere bere erara eta bere erremintez baliatuz jardungo baitu Matadeixen. Berak garatutako softwareari esker, aspaldiko txalaparta baten oihartzunak eskainiko ditu teklatuaren bitartez, eta mila geruzatan banatu, nahastu, findu eta aberastuko ditu Ibonen ahotsaren zerbitzura. Inoiz protagonismo osoa ere hartuko du, baina modu sotilean eta batzuetan ia sumaezin baina dotorean.
Igandeko kontzerturako sarrerak aldez aurretik erosi beharko dira, 7 euroan. Horretarako, Matadero Ekintzak taldearen mataderoekintzak@gmail.com helbide elektronikora idatzi beharko da.