Iban Larrañaga erremontista azkoitiarra, Imanol Ansa Ansa II.a aurrelariarekin batera, San Fermin torneoko final nagusira sailkatu zen atzo, asteazkena, Hernaniko Galarreta pilotalekuan (Gipuzkoa) Aritz Juaneneari eta Endika Barrenetxea Barrenetxea IV.ari 30 eta 26 irabazi eta gero.
Markagailuan une oro atzetik izan ziren Ansa II.a eta Larrañaga, baina azken unean aurrea hartu eta lau tantoko aldeagatik partida irabaztea lortu zuten urnietarrak eta azkoitiarrak. Txapelketan zehar bikoteak ez du garaipenik lortu, baina multzoan hiru bikote izanda eta lehen sailkatua zuzenean finalera sailkatzen zela jakinda, bigarrenaren eta hirugarrenaren artean zegoen finalerako bigarren txartela.
San Fermin Txapelketa nagusia Oriamendi2010 enpresako sei erremontista "nabarmenenek" osatu dute. Guztira, hiru bikote lehiatu dira: Urriza-Aizpuru III.a, Juanenea-Barrenetxea IV.a eta Ansa-Larrañaga. Uztailaren 14an Galarretan jokatuko den final nagusian Urriza eta Aizpuru III.a izango dituzte aurkari Ansa II.ak eta Larrañagak.