Osasun Sailak zazpi positibo hauteman ditu Azkoitian, eta berriz ere eremu horian sartu da herria

Dorleta Agiriano Lai 2021ko uzt. 7a, 13:17

Herriko intzidentzia 91,80koa da gaur-gaurkoz, eta berriz ere eremu horian sartu da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak, berriz, 200eko langa gainditu du. Eskualdean, 23 positibo detektatu ditu Osasun Sailak. Labik gaur egin du bilera, eta egungo neurriei eustea erabaki du.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak argitaratutako azkeneko txostenaren arabera, Azkoitian atzo zazpi kasu positibo zenbatu zituen Osasun Sailak. Azken hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak ere gora egin du. Atzo 33,28koa zen zenbatekoa, eta orain, 91,80koa. Hori horrela, eremu berdetik eremu horira igaro da berriz ere herria.

Urola Kosta eskualdean ere gora egin du herenegundik atzora bitartean atzemandako kasu positiboen kopuruak; izan ere, 23 kasu baieztatu dituzte guztira. Azkoitiko zazpi positiboez gain, zortzi hauteman dituzte Zumaian, lau Zarautzen, bi Azpeitian, eta bana Orion nahiz Zestoan.

Aurreko bi egunetan zenbatutako kasuak zertxobait gutxiago izan baziren ere, atzo egindako PCR eta antigeno probetan zortzi lagunek eman dute positibo Zumaian. Intzidentzia tasak, beraz, berriz egin du gora herri horretan: 610,56an zegoen atzo eta 661,44an dago une honetan. Eskualdean tasarik altuena duen udalerria izaten jarraitzen du, eta gorrian dago oraindik. Eremu horian daude, bestalde, Azpeitia –249,67tik 243,10era jaitsi da tasa–, Orio –97,85tik 114,16ra igo da tasa– eta Zarautz –218,44tik 235,58ra igo da tasa– ere. Atzotik hona, Zestoan ere gora egin du intzidentzia tasak, 128,4tik 154,08ra. Aian (0), Aizarnazabalen (130,04), Beizaman (0), Errezilen (0) eta Getarian (0) ez dute kasu berririk izan azken orduetan.

Ospitaleetako kopurua beheraka

Atzo, uztailaren 6an, koronabirusa atzemateko 11.180 test egin zituzten Hego Euskal Herrian. Orotara 943 emaitza positibo izan dira (334 Nafarroan, 262 Bizkaian, 257 Gipuzkoan, 66 Araban eta 24 beste lurralde batzuetan), bezperan baino 32 gehiago. Atzo egindako probetako positibotasun tasak behera egin du Nafarroan, %17,9tik %15,2ra. Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, ordea, igo egin da positibotasun tasa, %4,8tik %6,8ra.

Osakidetzaren ardurapeko erietxeetan, dena den, hobera egin du egoerak atzotik. COVID-19ak jotako 51 pertsona daude ospitaleratuta une honetan, atzo baino zazpi gutxiago, eta ZIUetan ere jaitsi egin da ospitaleratutako lagunen kopurua, 30etik 25era. Atzo hemeretzi ospitaleratze izan ziren Osakidetzan, bezperan baino hiru gutxiago.

Oinarrizko birsorkuntza tasak edo R0 indizeak ere behera egin du, eta gaur-gaurkoz 1,50ekoa da datua. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak ere gora egin du, eta dagoeneko 200eko langa gainditu du; 203,16koa da egun hiru lurralde horietako azken hamalau egunetako 100.000 biztanleko tasa. Era berean, ekainaren 28tik uztailaren 4ra bitartean COVID-19ak eraginda sei hildako egon direla jakinarazi du Osasun Sailak.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide