Gipuzkoako intzidentzia tasa baxuenetakoa duen herria da Azkoitia egun

Andoni Elduaien 2021ko uzt. 5a, 12:37

Eskualdean 44 positibo zenbatu dituzte guztira, eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako intzidentzia tasak 150eko langa gainditu du berriz ere. Asteazkenean Labi batzordeak bilera egingo du, egun indarrean dauden neurrien inguruan erabakiak hartzeko.

Eusko Jaurlaritzak kaleratu du koronabirusaren bilakaeraren inguruko eguerdiroko txostena asteburuko herriz herriko datuekin, eta horren arabera, ostiralaz geroztik hiru positibo zenbatu dituzte herrian –bi zapatuan eta bat atzo, igandea–; aurreko asteburuan ez zuten kasurik atzeman Azkoitian. Azken hamalau eguneko 100.000 biztanleko intzidentzia tasak, ordea, behera egin du: joan den ostiralean 41,73koa zen tasa Azkoitian, eta orain 33,38koa da zenbatekoa. Eremu berdean dagoen eskualdeko herria bakarra da Azkoitia; are gehiago, Mutrikurekin batera Gipuzkoako intzidentzia tasa baxuena duen 5.000 biztanletik gorako herria da.

Eskualdean egoera ez da Azkoitian bezain ona. Urola Kostan, guztira, 44 kasu baieztatu dituzte azken hiru egunetan –Azkoitiko hiru positiboak barne–. Aurreko asteburuan baino bi gehiago dira, eta duela bi asteburu baino 33 kasu gehiago. Azpeitian zenbatu dituzte azken hiru egunetan positibo gehien: hamalau, guztira –zazpi ostiralean, bost larunbatean eta bi atzo–. 262,81eko intzidentzia tasa dute han. Zumaiak, berriz, eremu gorrian jarraitzen du, eta azken egunetan atzemandako hamahiru positiboek –lau ostiralean, sei larunbatean eta hiru atzo– intzidentzia tasak gora egitea ekarri du. Zumaiako kasu metatuen zenbatekoa 620,74koa da gaur-gaurkoz.

Zarautzen, bestalde, zazpi positibo baieztatu ditu Osasun Sailak –bost ostiralean eta bi atzo–, eta 167,05eko intzidentzia dute egun han. Orion eta Zestoan, ostera, hiruna positibo detektatu dituzte; bi herrietan bana atzeman dute egunero ostiraletik atzora bitartean egindako probetan. Orio eremu berdetik horira igaro da 81,54ko tasarekin, eta Zestoa ere eremu berean sartu da 128,40ko tasarekin. Eskualdeko beste positiboa Aizarnazabalen zenbatu dute, eta 130,04ko zenbatekoarekin eremu horian sartu du Osasun Sailak herria. Halaber, Aian, Beizaman, Errezilen eta Getarian ez dute kasu bakar bat ere hauteman, eta zeroan dute herriko intzidentzia tasa.

Positibotasun tasa, kopuru altuetan

Hego Euskal Herrian, guztira, 874 positibo zenbatu zituzten atzo, igandea. Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi duenez, 5.305 PCR eta antigeno proba egin zituzten atzo, eta 367 positibo hauteman zituzten; positibotasun tasa %6,9koa da egun hiru lurralde horietan. Lurraldeka aztertuta, 178 positibo atzeman zituzten Bizkaian, 146 Gipuzkoan eta 34 Araban. Hiru lurralde horietatik kanpo bizi diren beste bederatzi lagunek ere positibo eman zuten. Nafarroako Gobernuak, aldiz, 1.846 laguni egin zien proba atzoko egunean zehar, eta 507 positibo zenbatu zituzten. Positibotasun tasa kopuru altuetan dago Nafarroan, beraz; izan ere, %27,5ekoa zen atzo. Baheketa masibo batek eragin zuzena izan lezake datu horietan.
 
Ospitaleratzeei dagokionean, hobera egiten jarraitzen du egoerak: 50 lagun daude COVID-19agatik ospitaleratuta egun –joan den astelehenean baino 35 gutxiago–, eta bederatzi ospitaleratze berri izan ziren atzo. ZIUetan, berriz, 36 pertsona daude, duela astebete baino bat gehiago. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako oinarrizko birsokuntza tasa edo R0 indizea 1,51koa da egun, eta intzidentzia tasa 168,52koa. Asteazkenean, Labik bilera egingo du, eta ikusi beharko da zer neurri hartuko dituen; izan ere, duela bi aste neurriak leuntzeko erabakia hartu zuen intzidentzia tasa 150 baino baxuagoa zelako.

Azkoitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide