Getxoko Arenas futbol taldeak gaur goizean egin du ofiziala fitxaketa. Mikel Arzalluz futbol jokalari azkoitiarrak Arenas taldean jokatuko du datorren denboraldian. 26 urteko aurrelariak hamar gol egin ditu Anaitasunarekin azken denboraldian Hirugarren Mailako ligaren, Espainiako Errege Koparen eta RFEF Bigarren Mailara igotzeko kanporaketa partiden artean.
Anaitasuna eta jokalaria akordio batera iritsi ondoren, futbol taldeak ekainaren amaieran jakinarazi zuen Mikel Arzalluzek ez zuela taldean jarraituko. Arzalluzek hamalau denboraldi egin ditu Anaitasunan eta azkeneko sei urteak lehen taldean. Anaitasunak eskerrak eman dizkio aurrelariari azken urteetan erakutsitako "profesionaltasunagatik" eta "konpromisoagatik".